NAIZ
BILBO

Urtarrilaren 6ko goizaldean izandako sexu eraso bat gaitzetsi du Zornotzako Udalak

Urtarrilaren 6ko goizaldean Zornotzan izandako eraso matxista «irmoki» salatu du Udaleko bozeramaileen batzordeak adierazpen instituzional baten bitartez.

Zornotzako Udaleko bozeramaileen batzordeak bilera egin du ostegun honetan eta urtarrilaren 6ko goizaldean gertatu zen eraso sexistaren inguruan adierazpen instituzionala onartu du.

Azaldu dutenez, erasoa salatu egin da eta Bilboko epaitegietan genero indarkeria kasu bezala aztertuko duen auziaren zain dago uneotan.

Jazotakoa «irmoki» arbuiatzeaz gain, biktimari zein haren familiari «gure esku dagoen guztian laguntza eskaintzeko» prest daudela adierazi du Udalak eta errespetu osoa adierazi die.

Udalbatzak berretsi egin du «bizitza, askatasuna, duintasuna eta emakumeek herritar gisa dituzten eskubideen kontra erasotzen duten indarkeria mota guztiak errotik ezabatzeko» konpromisoa.

«Gizarte bezala, ezin dugu onartu inor, ezein emakume, emakume izateagatik, eraso baten biktima izatea», dio adierazpenak.

Zentzu horretan, herritar orori dei egin diote «eraso sexisten konplize izan ez daitezen eta, beraz, egoera hauen aurrean inongo tolerantziarik ez dezaten izan».

Udalak ez du kontzentraziorik deituko «horrela erabaki baitute biktimak eta bere familiak».