NAIZ

Karmela deituko da oraindik aurrera, Santutxuko KRML Bizirik! egitasmoa zena

Larunbateko asanblada orokorrean erabaki zutenez, KRML Bizirik! bezala ezagutzera eman zen proiektuak Karmela izena hartuko du oraindik aurrera.

Karmela logo berria.
Karmela logo berria.

Azaroan lehen urteurren festa ospatu zuen KRML Bizirik! egitasmoak eta 2017aren hasierarekin izen aldaketa iragarri dute sare sozialetan. Oraindik aurrera Karmela deituko da Santutxuko bizilagunek martxan jarritako proiektua. Bi urtez hutsik egon ondoren, Karmelo ikastola zaharra zegoen eraikina bizitzaz betetzea erabaki zuten auzokideek.

Azaltzen dutenez, Karmelak «izaera feminista, migratzailea, langilea, euskalduna eta errebeldea elkartzen ditu». Aldi berean, «zalantzan jarri nahi ditu jatorri, klase, sexualitate eta generoaren koordenatu normatiboak».

«Karmelak Santutxu, Bilbo eta Euskal Herri ezberdin baterako eredua ekartzen digu gogora. Karmelak lehenagoko kutsu erlijiosoa urratu egiten dio Karmelori. Bidea irekitzen dio proiektu berri bati baina aurretik izan zituen KRML eta Karmeloren soinuak mantenduta. Karmelarekin ez dugu ahaztu nahi nondik gatozen eta argi erakutsi nahi dugu norantz goazen», nabarmentzen dute sare sozialetan zabaldutako oharrean.