Mikel Zubimendi Berastegi

«Komunikabideen aurkako gerran» da Trump, gezurra egiaren soinuan entzunarazi eta haizea solidotzea xede

Kontsentsua hedatzen ari da: egiaren osteko aro batean bizi gara, egiaztagarri eta egiaztatuak diren gertaerek ez dute jada salbaziorik ekartzen. Horien aurrean, gezurraren eufemismo, «gertaera alternatiboak» daude. Berri faltsu eta teoria konspiratiboen politika azidoa nagusitzen ari da. Horren guztiaren adibide garbia eman du asteon Trumpek.

Azeleragailua topera sakatuta hasi du agintaldia Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako 45. presidenteak. Ez du egun bat pasatzen uzten alarma eta izua eragin gabe. Supremazista zurien, jeneral eta fanatikoen izendapenak, shock neurriak bata bestearen atzetik, kalapitak etengabe, Twitter bidezko mezu-bonbak... kazetariak ez daude ez aspertzeko. Ezta kezkaz eta letrok baino askoz sakonago Trumpen fenomenoa aztertzeko eta ekarriko duena aurreratzeko arrazoi faltan ere. Broma gutxi.

Presidente karguan egindako lehen egunotan zinez garratzak eta zikoitzak diren akusazioak egin ditu. Kazetariak «munduko gizaki desonestoen artean» daudela ziplo bota du, baita «komunikabideen kontrako gerran» dela ere. Batere inplizitua ez den mehatxua eginez, argi ibiltzeko ere ohartarazi die: «kontu eman beharko duzue eta oso prezio altua ordainduko duzuela uste dut».

Amorratuta dabil Trump. Oso. Ebidentzia guztien aurka, argazkiek [alboko orrialdean] edo Washingtongo garraio autoritatearen datuek erakusten dutenaren kontra, bere kargu hartze zeremonian Obamarenean baino jende gehiago batu zela dio. Ebidentziari uko eginez, kontrakoa publikatzea berak sortu duen gogoberotasun herritarra gutxiesteko saio lotsagarri eta zitala dela dio. Milioi eta erdi jende bildu zirela, egiazki erdira ere iritsi ez zirenean.

Ez da zeremoniaren kontua bakarrik. Errusiako inteligentzia zerbitzuek bere alde konspiratu zutela eta beraz hainbat informazio delikatu dituztela zioen CIAren txostena komunikabideek ontzat eman dutelako ere haserre dabil oso. AEBetako presidente izanik bere herrialdeko inteligentzia komunitatea Alemaniako naziekin konparatzen duen txio bat zabaltzeraino heldu da.

Horrela zeuden kontuak Sean Spicer Trumpen administrazioko prentsa idazkari eta aurpegi publikoak, ebidentziarik eman gabe, jakina, Trumpek Hillary Clintonek baino ia hiru milioi boto gutxiago jaso bazituen, «milioika herritarrek legez kontra botatu» zutelako izan zela esan zuen arte. Sekulako polemika piztu da. Beste bat, enegarrena. Ez da gutxiagorako.

Herri mandatu gabe presidente

Presidente batek hauteskundeak irabazi, eta, hala ere, bere kontrako “putxerazoa” egon dela zabaltzeak kafkiarra dirudi. Baieztapen horren frogarik ez ematea oso larria da. Kongresuko liderrekin batzartuta zegoela «bost milioi immigrante ilegalek» botatu zutela esan zuen. Trumpen arabera AEBetan hauteskunde iruzur handia egon da, historian izan den boto lapurreta handiena. Latza da oso AEBetako presidenteak berak herrialdeko hauteskunde prozesuaren zuzentasunean konfiantzarik ez izatea, latza benetan.

Bistan da Trumpen psikologian zauri irekia eragiten duela boto kopuruan Clintonen atzetik geratu izana. Ezin du hori jasan. Besteak beste, presidente dela baina herriaren mandaturik ez duela aditzera ematen duelako, bera erasotzeko helduleku aparta delako.

Bizpahiru egunetan polemikok guztiok eta bost gehiago piztu ditu. Purrustadok sostengatzeko ebidentziarik ez dago. Egiaren zantzurik ez da inon. Berdin da. Trumpen aholkulari Kellyane Conwayren arabera, “gertaera alternatiboak” dira. Gertaera objektiboen aurrean, beraiek beren gertaera propioak aurkezteko eskubide osoa dutela dio. Lasai-lasai gainera!

Aldare sakratuaren profanazioa

Zenbateko distantzia dago Trumpen “gertaera alternatibo” horien eta “2+2=5” ustezko eragiketa matematikoaren artean? Errealitatea arbuiatzeko gonbite absurdua izateaz gain, gezur nabaria da. Orwellek bere “1984” eleberri distopiko klasikoan aspaldi aurreratu zuen jukutria da. Ezjakintasuna indarra zen Orwellen narrazioan, gertaeren gaineko konfiantza eza etengabe lantzen zen, hizkuntza politikoa gezurrak egiaz janzteko eta hilketak errespetagarri egiteko diseinatuta zegoen, haizeari sendotasun itxura bat emateko.

Orwellen “Abereen etxaldea” eleberri laburrean, estalinismoaren gainean idatzi den satira ederrenean, Squaler txerri propagandistak «beltza zuri bilaka dezakeela» aipatzen du. Nolabait ere gertaerek orain arte izandako aldare sakratuaren profanazioaren aurrerapena da.

Urteetan zehar, komunikabide tradizionalen urrezko araua honakoa izan da: egiaztagarria eta egiaztatua dena baino ez da publikatzen. Nolabaiteko estandar profesional eta etikoa zen. “Gertaerak sakratuak dira, eta, iritzia, librea” da hainbat erredakziotako sarreran zintzilikaturiko oroigarria. Demokrazia okerreko bidetik zihoanean, boto-emaileak manipulatuta zeudenean edo politikariak galderak saihesten zituztenean, gertaeretara jotzen zen salbazioaren bila. Eta zeregin horretan komunikabideak zaindari funtzioa betetzen zuten.

Trumpen kasuan, egia da BuzzFeed Interneteko berrien enpresak egiaztatu gabeko espia britainiar batek bere gainean egindako txosten osoa argitaratu zuela. Moskuko Ritz Hoteleko logela presidentzialean ustez gertatutako oso pasarte morboso eta esplizituekin. Aitzakia ederra eman zioten Trumpi kontraerasora pasatzeko. Haizagailua jarrita, egian oinarritutako kazetaritza serio eta oldarkorra egiten duten profesionalak mehatxatzeko.

Aita santua Trumpen alde?

Errua, baina, ez da soilik Trumpena. Bai, larria da komunikabideen eta kazetarien kontra darabilen tonu hori. Baina askoz lehenagotik datorren eta askoz harago doan joera da. George W. Bushek «gure errealitate propioa sortzen ari gara» bezalakoak botatzen zituenean, Trumpek orain perfekzionatu eta lehertu duena baino ez zuen aurreratu. Ebidentzian oinarritutako politika alboratzen ari dira, eta, politika beraren kaltetan, antagonismo azido bat gailentzen ari da, telebistako performance baten forman eta formatuan.

Berri faltsuak diru azkarra dira. Horra beste egia bat. Gehiago ere badago, ordea. AEBetako kanpainan publikatutako analisiek erakutsi dutenez, Facebook sare sozialean hedatu ziren hogei berri faltsuk aktibitate gehiago (“Iruzkinak”, “Atsegin dut”, “Elkarbanatu”...) sortu zuten komunikabide tradizionalen hogei izenburu garrantzitsuenek baino. Francisco aita santuak Trumpen aldeko botoa eskatu zuela zabaldu zen gisa horretako “berrietan”, baita putxerazorik gabe Clintonek ez zuela boto herritarrean irabazterik edota “manifestari biolentoak” ordaintzen ari zirela Trumpen aurka ekiteko ere.

Egia da deriba horren ardura handia Interneteko konpainia erraldoiek dutela. Globalki 1.800 milioi pertsonetarainoko irismena duten Facebook bezalako konpaini erraldoiek aski lukete algoritmoak aldatzearekin berri faltsuok, trollen gehiegikeriak, konspirazioaren teoriak, fanatismoa eta gorrotoa zabaltzen duten mezuak... blokeatzeko. Baina, business as usual, ez dute halakorik egiten.

Esaera zaharra, zaharkituta

“Gezurrak hegan egiten du eta bere atzetik herrenka dator egia” dio jada zaharkitua geratu den esaera zaharrak. Nolabait iradokitzen duelako, azkenean, egiak bere bidea egiten duela eta gezurrari gailentzen zaiola. Egungo errealitatean, ordea, ez da hori gertatzen. Ez horixe!

Trumpekin, Brexitarekin, bake akordioen inguruko Kolonbiako erreferendumean... ikusi da hori erakusten duten ebidentziarik ez dela inon ageri. Aitzitik, gero eta gehiago dira “gertaera alternatibo” deituriko gezur eta berri faltsuen sareetan atrapatuta geratzen ari diren pertsona eta prozesu politikoak.