NAIZ
Azkoitia

Langile bat, oso larri, Azkoitian lau metroko altueratik erorita

Mutrikuko gizonezko bat «oso larri» dago, aurreko astelehenean Azkoitiko Ibarmia enpresan lanean ari zela lau metroko altueratik erori eta gero. Istripua «isilean eta ezkutuan» gorde dutela salatu dute.

Lau metrotako altueratik erorita, Azkoitiko Ibarmia enpresan lanean ari zen mutrikuar bat «oso larri» dagoela jakinarazi du LAB sindikatuak. Elgoibarko Betelu enpresako langilea, Azkoitian dagoen Ibarmia enpresak azpikontratatutakoa.

Sindikatuak «elkartasuna eta besarkada beroena» adierazi nahi izandio langileari eta bere gertukoei. «Salatu behar dugu istripua isilean eta ezkutuan gorde izana, eta gertuko pertsona baten bitartez izan dugula honen berri», adierazi du.

«Azpikontratazioa prekarietatearen oinarrizko osagaia da, eskubide falta, prebentzio neurri falta, erritmo azkarrak, presioa, koordinazio eta kontrol neurrien faltarekin batera, gutxi batzuen irabazien mesedetan». Honelako gertakarien aurrean patronalak duen «ardura» azpimarratu nahi izan dute.

«Patronalak, Adegik eta Confebaskek, modu lotsagarrian errepide eta lan istripuak berdintzen dituzte, zorigaitzaren ondorio balira bezala», gehitu du LABen oharrak. Honen aurrean, «eredu aldaketa» bat defendatu dute, «langileon osasuna eta bizi eta lan-baldintzak lehentasunezkoak izango dituen eredu ekonomiko eta sozialerako bidean».