NAIZ
BILBO

Ikasle etorkinei arreta emateko bigarren plana aurkeztu du Lakuak

Lakuako Gobernuak ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko bigarren plana aurkeztu du (2016-2020 aldirakoa), inklusibitatean hobetzen jarraitu edo EAEko hezkuntza sistemara iristen diren ikasleen eskolaratze positiboan jarraitzeko hainbat ekimen biltzen dituena. Besteak beste, haur eta lehen hezkuntzako lehen zikloan hasten diren ikasleak eredu euskaldunetan ikastea ahalbidetzen duten ikastetxeetan eskolatuko dira, lehentasunez.

Cristina Uriarte, Legebiltzarrean eginiko agerraldi batean. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Cristina Uriarte, Legebiltzarrean eginiko agerraldi batean. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Bilbon eginiko agerraldian, Lakuako Hezkuntza sailburuak, Cristina Uriartek, ikasle etorkinei arreta emateko bigarren planaren ezaugarri nagusien berri eman du. Dokumentu hau 2016. urtean zehar osatu da eta hezkuntza zein gizarte arloetako hainbat elkartek eginiko ekarpenak jasotzen ditu.

Azpimarratu duenez, hezkuntza sisteman ikasle etorkinen kopuruak gora egin ahala, 2003-2004 ikasturtetik «neurri asko hartu dira azken hamarkadan eskola inklusiboa bultzatzeko eta aniztasunari tratamendu egokia eskaintzeko».

Lehen planaren ebaluazioa egin ostean, bigarrenaren zirriborroa egin zuen Lakuako Gobernuak. Abenduan eta urtarrilean zehar, hezkuntza zein gizarte arloetako eragile eta norbanakoen ekarpenak jaso ditu, guztira 121.

Hala, behin betiko testuak «inklusibitatean hobetzen jarraitzeko, edo gure hezkuntza sistemara iristen diren ikasleen eskolaratze positiboan jarraitzeko» ekimen zerrenda jasotzen du.

Hiru zutabe

Planak hiru esku-hartze esparru dituela azaldu du Lakuak. Alde batetik, arauen eta informazioaren berri ematera bideratutakoa (araudia, protokoloak, dokumentazioa...); bestetik, planifikazioa ere jorratzen du (eskola maparekin zerikusia duten gaiak, ikastetxeen hezkuntza eskaintzaren lotuak, ratioak...); eta, hirugarrekin, berrikuntza (ikastetxeetako proiektuak, formazioa, harrera eta esku-hartze planak...).

Dagoeneko martxan zeuden zenbait ekimen ere hartzen ditu planak, hala nola, Gasteizko eskola-maparen aldaketa edota errolda agirien iruzurrezko erabileraren azterketa zorrotza.

Ondorengo ikasturteetarako aurreikusten dituzten hainbat ekimen ere zerrendatu dituzte: 2018-2019 ikasturterako dekretu berria, kultura aniztasunaren aurrena ikasleen prestakuntza hobetza edota hezkuntza sistemara sartzen den ikasleari jarraipena egitea, besteak beste.

Ebazpena

Horrez gain, Uriartek jakinarazi du zuzentzen duen sailak gaur bertan onartu duela eskolatze batzordeen jarduera arautzen duen ebazpen berria, matrikulazio epez kanpo iristen diren ikasleak eskolatzearen inguruan irizpideak ezartzeko.

Elementu horien artean nabarmendu dute eskolatze orekatua eta proportziozkoa egin beharko dela zona bereko ikastetxe guztiek.

Gainera, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzako aurreneko zikloan sartzen diren ikasleak, eredu euskaldunetan ikastea errazten duten ikastetxeetan eskolatuko dira, lehentasunez. Bigarren ziklotik aurrera, ikasle bakoitzaren kasua aztertuko da, faktore desberdinak aintzat hartuz.