NAIZ
IRUÑEA

Soriako makro-ukuiluaren kontrako sinadura bilketa abiatu du EHNEk

EHNE sindikatuak otsailean aurkeztutako #EstaGranjaNoeslaleche kanpainari sinadura bilketa bat abiatu du, Sorian Valle de Odieta kooperatibak sortu nahi duen 20.000 behiko makro-ukuiluaren aurrean. Nafar Gobernuari honen aurrean duen jarrera «argitzeko» eskatu dio.

EHNEk prentsaurrekoa eman du Iruñean, Soriako makro-ukuiluaren harira. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
EHNEk prentsaurrekoa eman du Iruñean, Soriako makro-ukuiluaren harira. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Esnea ekoizten duten abeltzainek bizi duten egoera salatzeko mobilizazioak aurkeztu ditu EHNE sindikatuak Iruñean egindako prentsaurrekoan. 2015eko apirilaren 1ean esnea ekoizteko kuoten sistema desagertu zenetik sektoreak bizi duen egoerari, Nafarroatik 50 kilometrotara Valle de Odieta kooperatibak sortu nahi duen 20.000 behiko makro-ukuiluaren «mehatxua» gehitu zaiola gogoratu du sindikatuak.

«Proiektu horrek aurrera egiten badu, Nafarrek ezingo dute bertako esnea hartzen jarraitzeko aukerarik izango», adierazi dute. Otsailean aurkeztu zuten #EstaGranjaNoeslaleche kanpaina eta orain proiektu honen aurkako sinadura bilketari ekin dio egunotan. Erakundeei, modu berean, esnea ekoizterakoan merkatuaren kontrola berriz ezartzea eta ustiategien tamainei mugak jartzeko bideak ezar ditzatela eskatu die. «Mugak jarriz bermatuko baita abeltzaintza eredu jasangarria eta profesionala bultzatzea», gehitu dute.

Salatu dutenez, «esne munstro honek bizia hartzen badu Nafarroan esnea ekoizten duten 168 baserrik beraien etorkizuna beltza izango dute eta landa-inguruneko hainbat lanpostu finko galduko dira».

Sinadura hauek, martxoaren amaieran, Nafarroako Gobernuari helaraziko dizkio EHNEk, erakunde honek proiektu honekiko duen «jarrera argitzeko» eskatuz eta Soriako proiektua zertan den azal dezan.

Bestetik, EHNEk dei egin die industria zein banatzaileei, egiten dituzten publizitate kanpainez gain, «benetan bertako esnearen aldeko apustu garbia egin dezaten, familia ereduko ustiategien alde egin dezaten eta esnea bertan erosiz jardun daitezen».