@belastegi
Hernani-Astigarraga

«Ilusioz eta pozez» dabiltza bozkatzen Hernanin eta Astigarragan

Eguerdi partean sortu diren arazoak gaindituta, mahai guztiak zabaldu dituzte eta berriz sortu dira ilarak Hernanin eta Astigarragan. Ilusio handiz ari zen bozkatzen jendea eta harrotasunez jokatzen zuten argazkiak ateraz eta gainontzeko bizilagunei parte hartzera animatzen.

Hernanin ilarak sortu dira. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Hernanin ilarak sortu dira. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Hautetsontziak zabaldu eta berehala hasi da jendea bozkatzen Hernanin. Erdiguneko mahaietara gaztetxo dezente urbildu direla kontatu digu Maite Iradi begiraleak, baina kezkatuta zegoen adineko jende gutxi ikusi duelako. Bozketa prestatuta zegoela jakingo ote zuten zalantza zuen. Baina ezinezkoa da hernaniarra izatea eta gaur bertan gertatzen ari denaz ez ohartzea: kaleak kartelez bete dituzte eta auzoetan ere mahaiak prestatu dituzte. Gainera, egun osoko egitaraua dute. Goizean, Tilosen, haurrentzako tailerrak zeuden eta 12.00etan pilota partiduak jokatu dituzte helduek. Ordu berean, Plaza Berritik jubilatuen abesbatza atera da eta kantu jira egin dute mahairik mahai.

Juanjo Uria Hernaniko alkate ohia ere Iradirekin batera zegoen Plaza Berriko hauteslekuan. Aipatu du «ilusioz eta pozez» ari zirela parte hartzen. «Jende gazte asko gerturatu da eta konpromiso handia dute. Txundituta gelditu naiz egindako lanarekin. Gaur arteko lanarekin gelditzen naiz, eta hemendik aurrera ikusiko dugu», esan du. Biek aspalditik elkar ezagutzen dute, euren gurasoak lagunak zirelako duela 60 urte. «Haiek ere gure heburu antzerakoak zituzten eta hari beretik tiratzeko prest gaude», kontatu du irribartsu.

Jendearen ilusioa ere agerikoa da. Askok botoa ematen argazkia ateratzen dute eta oraindik egin ez duten bizilagunei korrika joateko esan diete, nahiz eta oraindik arratsalde osoa duten aurretik. «Botoa da garrantzitsua; ikusi, handiagoa egin naiz», esan du bizilagun batek paparra ateraz, harro.

11.15 inguruan sistema informatikoa huts egiten hasi da eta begiraleak urduritzen hasi dira. Mahaiak itxi behar izan dituzte eta jendeari geroxeago etortzeko eskatu behar izan diote behin eta berriz. Gehientsuenek ulertu egin dute eta arratsaldean pasako direla esan dute. Beste batzuk kafe bat hartzera joan dira eta inguruan gelditu dira. Horregatik, 12.20ean sistema berriro bazebilela esan dutenean, erdiguneko hauteslekuetan ilarak sortu dira berehala. Lasaitasun hasperenak entzuten ziren antolatzaileek artean.

Brindisa, ospatzeko

Astigarragan arazoa pixka bat gehiago luzatu da. Ergobia auzoko mahaia itxita zuten oraindik 13.00etan eta erdiguneko mahaia bakarrik ahalbidetu dute. Izan ere, larrialdietarako protokoloa jarri dute martxan eta bozak eskuz apuntatzen hasi dira. Sistema informatikoari esker herritarrek bozkatzeko mahaia aukera dezakete, euren izena sisteman sartzerakoan gainontzeko mahaietan ere kentzen delako automatikoki, baina sistema ez zebilenez, eskuz apuntatu behar izan dituzte izenak eta, hortaz, mahai bakarra izan zezaketen zabalik une berean.

13.15 inguruan eman diete abisua: Ergobiako hauteslekua ere martxan zegoen, eta Astigarragako antolatzaileek lasai arnasa hartu dute.«Lehenengo orduan oso pozik geuden partaidetzarekin baina justu jende gehiago animatzen hasi denean erori da sistema. Sekulako kolpea izan da. Asko kostatzen zaigu honelako gauzak antolatzea eta jendea atzera bidaltzea pena ematen du», zioen Ane Ollokiegi bertako prentsa arduradunak.

Goizean zehar Joseba Barandiaran plazan antolatu dituzte ekintzak eta arratsaldean Ergobian izango dira bertsolariak eta jolasak bertako jendea ere aktibatzeko asmoz. Amaitzean brindisa egingo dute «ospatzeko, emaitza dena delakoa izanik ere», honelako ekitaldi bat prestatzea soilik sekulako garaipena delako.