NAIZ

Empty Files taldeak irabazi du Gaztea maketa lehiaketa

Empty Files taldeak jaso du Gaztea maketa lehiaketaren aurtengo edizioko sari nagusia, ostegunean Bilboko Kafe Antzokian ospatutako finalean. Talde bilbotarrak 5.000 euroko saria eskuratu du eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera izango du uztailean.

Lehiaketaren antolatzaileek gogoratu dutenez, bost izan dira 23. Gaztea maketa finalean aritu diren artistak: Empty Files, Eneritz Furyak, Passepartout, Huts eta Odolaren Mintzoa.

Jarraitzaileek «leporaino» bete zuten ostegun gauean Kafe Antzokia adierazi dutenez. Julen Idigoras 'B Aldea' saioko aurkezlea eta Izaro Andres abeslaria arduratu ziren ekitaldia gidatzeaz.

Txufo Wilsonen gidaritzapean, Empty Files Bilbon sortu zen 2013an. Taldeak rock elektronikoa jorratzen dute batez ere, eta 2017an LP berria aterako duela iragarri dute bere kideek.

Bestalde, Entzuleen Saria Passepourt boskoteak lortu du, GazteBizHitzaren eskutik, eta 2.500 euro jaso ditu. Gainera, Kafe Antzokiak 500 euro eman dizkio Eneritz Furyak bakarlari irundarrari.