Oihana Llorente

Kantuak, bideoak eta ekimenak herriz herri galdeketen atarian

Hautetsontziak ipini baino lehen jaialdi, abesti, bideoklip edota mosaiko ederrak egin dituzte galdeketak eginen dituzten 52 herrietan. Herriz herri eta auzoz auzo ekimen horien arrastoaren atzetik ibili gara. Ez daude denak, baina dauden guztiak badira.

Igandean erabakitzeko eskubidearen aldeko olatuak 52 herri bustiko ditu. Izan ere, estatus politikoari buruzko galdeketak eginen dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 52 herrietan. Garrantzi berezia du igandeko hitzorduak, orain arteko galdeketarik masiboena izango da-eta. Guztira, 250.000 herritar inguruk izango dute botoa emateko aukera Gure Esku Dagok sustatutako galdeketetan.

Herri batzuetan burujabetzaz, beste batzuetan, independentziaz galdetuko dute. Denetan, baina, erabakitzeko eskubidea izanen dute. Debabarrenako, Uribe Kostako, Urola Kostako, Durangaldeako, Lea Artibaiko, Uribe Butroeko eskualdeetan egingo dituzte galdeketak, bai eta Lasarte-Oria, Usurbil, Legutio, Urkabustaiz, Orozko, Zeanuri eta Zubietako herrietan ere. Horietan guztietan 16 urtetik gorako biztanle orok eman dezake bozka.

Giro beroa dago galdeketa eginen den herrietan. Herri gehienetan hasiak dira gainera, bozak jasotzen, aldez aurreko botoa emateko aukera baitago herri gehientsuenetan. Hautestontziak ipini baino lehen baina, hamaika hitzaldia, jaialdi, abesti edota bideoklip egin dituzte herriotan. Haien guztien testigu izateko bokazioz sarean murgildu gara, ekimen horien arrastoaren atzetik. Ez daude denak, baina hemen dituzuen guztiak badira.

Lehen bideoa, Durangon egindako spota da, galdeketaren atarian motorrak berotzeko asmoz.

Elorrion zein Mutrikun musika banda ipini nahi izan diote galdeketaren egunari. Mutrikun, ‘Goazen mutrikuarrok herri galdeketara’ izenburupean plazaratu du abestia herriko Gure Esku Dagok. Abestiaren grabaketan herriko talde, elkarte eta norbanakoek parte hartu dute, izan ere, herritarrek herritarrentzako egindako abestia da eta pasa den Berdel Egunean aurkeztu zuten.

Elorrion, ostera, Lorentzo Records-en grabatu zuten abestia, herriko eta inguruko hainbat musikarien parte hartzearekin. Bideoklipa, aldiz, herritarrek lagunduta egin dute.

Herritarrekin lanean aritu da Gure Esku Dago han eta hemen. Usurbilen, adibidez, hamarnaka bizilagunek aurpegia eman dute erabakitze eskubidearen alde. Galdeketa girotzeko hamaika ekimen egin dituzte herrian, tartean Erabaki Fest eguna. Bertan mosaiko erraldoia egin ostean, zikiro jan herrikoiaz gozatu ahal izan zuten.

Zornotzar ugarik babesa eman dio ere igandeko kontsultari.

«Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?» galderari erantzuteko aukera izango dute zarauztarrek, eta galdeketari babesa adierazi diote herriko hainbat kirolarik. Guztien ekarpena biltzen duen bideoa da honakoa.

Uribe Butroeko eskualdean diren Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri-Jatabe eta Meñaka herriek bideo batean bildu dute galdeketa bitarte egindako bidea.

Zubietan, Munitibarren zein Lea Artibain maiatzaren 7ko herri galdeketa babesteko spota grabatu dute ere.

 

 

Orain artean Euskal Herriko 91 herrietan egin dituzte kontsultak. Igandeko kontsultekin, 143 izango dira eta oraindik ekainaren 18 olatua falta da. Nafarroak hartuko du orduan lekukoa.

Galdeketaz harago, datorren ekainaren 10a du hurrengo egun nabarmena Gure Esku Dagok, Herritarron Ituna aurkeztuko baitute mobilizazio nazional batean: erabakitzeko eskubidearen inguruan orain arte landutako printzipioak eta adostasunak jasotzen dituen ituna.