NAIZ
DONOSTIA

Behera egin du langabeziak Euskal Herrian urteko bigarren hiruhilekoan

Langabeziak behera egin du Euskal Herrian urteko bigarren hiruhilekoan. Gaindegiak emandako datuen arabera, 158.000 langabe daude, aurreko hiruhilekoan baino 5.100 gutxiago, eta langabezia tasa %10,79koa da, INEren Populazio Aktiboaren Inkestaren datuak kontuan hartuta.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

158.700 pertsona zeuden lanik gabe urteko bigarren hiruhilekoan Euskal Herrian, INE eta INSEE estatistika institutu espainol eta frantsesaren datuak aintzat hartuta Gaindegiak azaldu duenez. Lehen hiruhilekoarekin alderatuta 5.100 langabe gutxiago dira, eta langabezia tasak ere behera egin du. INEren datuen arabera, %10,79koa da, eta Eustaten arabera, %10,62koa.

INEk zabaldu dituen Populazio Aktiboaren Inkestaren datuek jasotzen dutenez, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan gora egin du langabeziak 2017ko bigarren hiruhilekoan. Guztira 147.200 pertsona zenbatu dituzte lanik gabe epe horretan.

Herrialdeka, INEren datuen arabera Gipuzkoan bakarrik jaitsi da langabezia, 8.100 langabe gutxiago daude aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, guztira 26.500. %8,18ko langabezia tasa dute herrialde horretan.

Gainerako hiru lurraldeetan, igo egin da. Araban 1.600 langabe gehiago daude lehen hiruhilekoan baino, guztira 19.900. Langabezia tasak ere gora egin du %13,05era.

Nafarroan 1.500 pertsona gehiago daude lanik gabe, guztira 33.000. Langabezia tasa %10,55ekoa da.

Igoerarik apalena Bizkaian izan da, 300 langabe gehiago zenbatu ditu Populazio Aktiboaren Inkestak, guztira 67.800, eta langabezia tasa %12,54koa da, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren altuagoa.

Ipar Euskal Herrian ere langabezia zertxobait apaldu da (0,3 puntu), Gaindegiak nabarmendu duenez.