Koldo Otamendi

«Mila kilometrora, bihotzetik gertu alegia»

Lakuntzako karpak, jendez gainezka. (ARGAZKI PRESS)
Lakuntzako karpak, jendez gainezka. (ARGAZKI PRESS)

Kafe beroa esnatzeko eta txorizo pintxo bat. Prest gaude berriz. Eguerdiko 12.30ean Lurra taldea taularatu da Lakuntzako plazan. Egunean zehar hau da agertoki nagusia. Hatortxuko lehen goiza da, eta bezperako parrandaren ajeak nabari dira. Zapatilei begira gaupasero batzuk sumatzen badira ere, musika gosez diren gazteak dabiltza herrian zehar.

Azken boladan isil samar izan eta gero Lurra taldea bueltan da, eta horrek poztu gaitu. Iñigo Muguruzaren azken egitasmoa martxan da berriz, eta Lakuntzako plazako karpa azpian aritu dira zuzenean. Lehen diskoko kantuak jo dituzte nagusiki, eta tartean bertsioaren bat.

Emakumeen ahotsa nagusi

Eguerdiko tartea bazkaltzeko probesten dugu. Talo goxo bat; xingarra eta gazta. Eta eguneko bigarren kafea. Txupitorik ez. Ez da komeni. Arratseko lauretan taularatu da Anari banda. Ikuslegoaren zati handi bat lurrean eserita dago, baina hitzez hitz abesten dituzte kantu guztiak. Herri gunean geratuko gara tarte batez Occhi di Farfalla laukoa ikusteko. Liher ere herri gunean da. Donostialdeko banda emanaldiz emanaldi handitzen ari da. Kantuak hazten doaz, eta banda ere sendoago sumatzen da.

Emakume ahotsak izan dira nagusi herriko plazan: Ane, Anari, Miren eta Lide. Abesteko lau era ezberdin, askotariko erregistroetan. Guztiak ahots ederrak! Hatortxu 20k saiakera egin du emakumeen presentzia bermatzeko agertoki guztietan, eta hori eskertzekoa da.

Herritik entzuten da Evaristoren ahotsa. Gatillazoren punka abian da eszenatoki nagusian. Bertara goaz. Sekulako punk makina du ondoan abeslari mitikoak. Kantu zerrenda azken diskoetan oinarritu dute, baina La Polla taldearen kantu pare bat ere jo dituzte. Ezin zuten falta.

Ordu berean metaleroentzako hitzordua dago karpa azpian. Hibakhusa taldea gauzak txukun egiten ari da. Oso. Musikari arituak biltzen dituen banda izan arren, gaztetasunaren ilusioa dute nafarrek. Segi dezatela horrelaxe.

Mafalda taldea iritsi berria da Hatortxura. 19. edizioan hartu zuten parte lehen aldiz, eta 20.ean hemen dira berriz. Gainera, Hatortxuko kantaren moldaketa burutu dute, bere berea duten ska eta  “Reggaecore” deitu duten musika eraz. Reggaea, funka eta hardcorea kokteleran. Emaitza: bitxia eta erakargarria.

Panda hartz zuri-beltzak bueltaka dabiltza noraezean; Lehendakaris Muertos taldearen zaletuak dira. Adituek hartz hauek desagertzear daudela diote baina Lakuntzan milaka dira.

Amparo Sanchez ikusi dugu eskuetan marakak eta guzti, "El poder de Machin" diskoaren 20. Urteurren biran murgildua da abeslaria. "Welcome to Lakuntza, tekila, sexo y marihuana" oihukatu dugu ozen, emanaldia hasi aurretik. Disko horrekin egin zen ezagun, eta kantuak egun beste moldaera batekin jotzen badituzte ere, sekulako abestiak daude bertan. “Hacer dinero, “En la Calle”, “Que te den”... bata bestearen atzetik jo ditu!

Beteranoak bai, baina ez hainbeste, Arkada Social. Arrasateko banda gelditu barik dabil azken urte hauetan. Jende andana mugitu dute karpa azpira. Iñigo Cabacas gogoan izan dute, bai eta preso eta errefuxiatuak ere. “Chicos de la calle” jo dutenean karpa osoak egin ditu koroak. RIP taldea ere gogoan izan dute, eta talde mitikoko Txerra bateria-joleak kantu batzuk jo ditu arrasatearrekin.

Agur Betagarri

Hatortxuren afixa ezagutzera eman zenean, aipagarria izan zen Betagarri & Xavi Sarria i Miquel Gironesen (Obrint pas) arteko elkarlana. Duela gutxi jakin genuen Betagarriren azken emanaldia izango zela Hatortxukoa. Galdu ezineko hitzordua, beraz.  Taldeak dena eman zuen taula gainean, kantu ezagunenak joz. Euskal Herria-Katalunia loturak funtzionatu zuen. 24 urteko musika ibilbide oparoa Hatortxuko agertokian itxi zuten. Agur Betagarri!

Lakuntzako plazan zebilen gure berriemaileak mezu bat bidali zigun. Doctor Deseo soinu probetan zela. Laster hasiko zirela. Urtarrilean agur esan zutenetik 2017ko bolo bakarra izan da beraientzat; detaile polita bilbotarren aldetik.

Berri Txarrak ikusteko Beriain gunean geratu gara, ordea. Ostiral gaueko beste izen handi bat. Udako Euskal Herriko kontzertu bakarra Lakuntzan eman dute, eta horrek jende andana erakarri du Beriaingo magaletaraino. Horietako batzuk urrutitik iritsitakoak ziren, Lekunberriko bandaren zaletuak asko zabaldu baitira. Emanaldia “Min hau” kantuarekin hasi zuen Gorka Urbizuk bakarka. Kantuaren hitzak Peru Aranburuk idatzi zituen kartzelan. Etxetik gertu zela, urrun daudenak gogoratu zituen. Ondoren egurra amaiera bitartean, eta bandaren klasiko guztiak bata bestearen atzetik. Ordubetea ongi zukutua .

Ordu berean Sara Hebe rap abeslari argentinarra ari zen karpa azpian. Konpetentzia zaila zuen, baina gu gerturatu ginen ikustera. Rap sustraiak, reggae, cumbia, dancehall eta elektronika. Uztarketa bitxi bezain erakargarria. Erakarri gaitu gu ere, eta bertan geratu gara Berri Txarrak taldeak "Oihu" kantarekin emanaldia amaitzen urrutitik entzuteko.

Leporaino dago gune nagusia. Ostegunean baino jende gehiago bildu da bigarren egun honetan. Kartel-buru handiak izan dira afitxean. Horietako bat Gatibu. Euririk ez du egin, baina jendeak dantza nahi beste egin du. Lerro hauek ixterakoan, Gernikako banda topera zen! Txiki txiki bang bang!