Xabier Izaga Gonzalez

Euskal Herriko errotarri hobiak, lanbide ahaztua, kultura ondare paregabea

Luzaroan mendez mende errotarriak egiten aritutako harginen lanbidearen aztarnek ez dute inoren arreta erakarri. Azken urteotan, baina, abian dira Europan haien gaineko ikerketa ugari, eta aurkitutako harrobien zerrendaren buruan Gorbeia dago: Zuia, Zigoitia eta Orozko. Hona Aranzadi Zientzia Elkartearen ikerketen berri.

Mendia jende askoren sustengu izan da hainbat mendetan zehar. Artzaintza, ikazkintza edo fruitu biltzea familia eta herri askoren lanbide izan dira. Literaturan, zineman, are mitologian ere jasota daude gure kulturaren parte garrantzitsua diren lanbide horiek. Bada ia ezezagun dugun mendiko lanbide bat, ordea, errotarri hobietakoa. Gogorra izan behar zuen 900 edo askotan 1.000 metrotik gorako altueran harriak zizelkatzeak. Baina ia ezezaguna da, mende askoan garrantzi itzela izan duen lana izan arren, zereal ekonomian oinarritutako jendarte batean ezinbesteko lanbidea baitzen. Errotak ezagunak dira, jakina, haietako asko zaharberrituta ikus ditzakegu nonahi. Literaturan ez da errotari egindako testu ederrik falta, hala nola Juan Mari Lekuonaren “Errota zahar maitea”, edo errotariari, Alfredo Donnayk Gasteiz ondoko Legardagutxikoari egindako kanta lekuko, baina ezer gutxi harrobi haietan egiten zuten funtsezko beharraren gainean. Azken urteok arte, Antxon Agirre Sorondo, Jose Iturrate eta Carlos Martin ikertzaileen lanak izan dira salbuespena.

Antxon Agirre etnografo eta Eusko Ikaskuntzako eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, besteak beste, “Canteras de piedras de molino” artikulua idatzi zuen 2007an. Bertan dioenez, antzinateko gizakiak ehotzeko «naturak eskaintzen zizkion harriak» erabili zituen lehenik, ondoren itsasontzi itxurakoak agertu ziren, eta, geroago, errotarri biribilak, behekoa zulorik gabekoa eta goikoa zuloduna. Errotarri gero eta handiagoak egingo zituzten, haiek mugitzeko animalien eta ondoren uraren indarra erabili ahala.

«Errotarri» proiektua

Zorionez, ikerketa urri horiei azken urteotan Aranzadi Zientzia Elkartearen bultzada batu zaie, Javi Castro etnografoaren ardurapean. Haren lanaren emaitza benetan ikusgarria da. Ezin besterik esan “Errotarri” proiektuak hartu duen dimentsioa ikusita. Castrorengana jo dugu eta ezin abegitsuago eman digu bere lanaren berri. Hargin haien eta lanbide haren gaineko informazio urriaren kausaz galdetu diogu lehenik. Beste alde batera begiratu izan dela dio berak, ez zaiola mendiari bere osotasunean begiratu, eta arreta errotara bideratu dela, produkzio bideari alegia, errotarriak non eta nola egiten zituzten erreparatu gabe, errotarririk gabe ehotzerik ez dagoela ohartu gabe, eta harri horien garrantzia nabarmentzeko adibide bat jarri du: errotako langet bat apurtzen bazen, erraz jar zitekeen beste, apurtutakoa esaterako gaztainondoa izanda, haritzezko batek ordezka baitzezakeen; errotarria ordeztea, baina, askoz zailagoa zen, hareharrizkoaren ordez ezin baitzen kareharrizko bat jarri, eta 80 zentimetroko diametroa zuen baten ordez ezin baitzen 70eko bat jarri, bi errotarriek neurri berekoak izan behar zuten eta. Horri guztiari ez zaio erreparatu.

2012an, “Aranzadiana” aldizkarian argitaratutako artikulu batean, hauxe zioen Javi Castrok: «Errotak kontrolatzea Ahaide Nagusiek erabili zuten estrategia izan zen, baina zenbait kontzejuk eta elizak ere heldu zioten estrategia horri». Izan ere, Antxon Agirrek Donostia inguruko errotarri hobien gaineko lan batean dioenez, gutxienez 1400. urtetik hainbat harrobi Orreagako monasterioaren lurretan zeuden. Oso garrantzitsua zen, Castrok dioenez, erroten gaineko kontrola, eta errotarrien fabrikazioa kontrolatzea errota kontrolatzea zen. Horregatik, dokumentazio eskasiatik harago, ez da ondo ulertzen haren berri hain urri izatea.

Duela hamabost urte pasa hasi zen errotarrien bila, Errioxako lagun batzuekin, Baztanen eta oro har Nafarroako mendi garaietan. Duela zazpi urte, ordea, bete-betean ekin zion ikerketari, lehenengo Nafarroan –50 harrobi katalogatuta dauzka bertan–, ondoren Gipuzkoan, Bizkaian, eta, azkenik, Araban. 2012an “Aranzadiana” aldizkarian idatzi zuenez, Gorbeiako ikerketa 2014ko bukaera aldera bukatzea aurreikusita zuen, baina oraindik hango bazter eder-zabalak arakatzen jarraitzen du, eta urte erdi barru-edo espero du bukatzea. Gogoan du nola Oiz mendira jo zuenean ezusteko galanta jaso zuen, errotarri hobi gehien-gehienak Nafarroan izango ziren ustea ustela gertatu baitzitzaion. Oizen 18 harrobi aurkitu zituen, eta Gorbeiara jo zuenean, ikerketak gainez egin zion: momentu honetan 99 katalogatuta dauzka mendi horretan, eta, haren ingurumarietakoak zenbatuta, 107.

Errotarri hobi guztiak udalerrien eta eremuen arabera sailkatzen ditu, eremu berekoei zenbakiak jarriz. Harri motari dagokionez, Gorbeiakoak hareharrizkoak dira, Behe Kretazeokoak, eta 10 milioi urte inguru omen dituzte. Oizkoak ere hareharrizkoak dira, eta haien adin geologikoa 50 milioi urte ingurukoa da. Nafarroa Garaiko iparraldekoak ere hareharrizkoak dira, baina antzinakoagoak, duela 250 milioi urte ingurukoak, hain zuzen, eta errotarriak ekoizteko oso kalitate onekoak.

Aurkitutako harrobiak eta errotarriak Atlas Meulières delakoan erregistratzen dituzte, Errotarria proiektua 2005ean Grenobleko Unibertsitateko irakasle Alain Belmontek abiatu zuen Europa mailako proiektu horren baitan garatzen ari dira eta. Errotarri proiektuak inguru bakoitzaren araberako izena hartzen du; hartara, Gorbeia aldean “Errotarri Gorbeia” izendatu du Castrok. Horretan jardun du buru belarri azken urteotan.

Argi utzi nahi du Castrok hainbat laguntzaileren eta berri emaileren laguntza gabe ez zukeela arestian esandako emaitza ikusgarriak lortuko. Lekuan lekuko informatzaileen laguntza ez ezik, mendizale asko ere jarri dira berarekin harremanetan errotarri arrastoen edo arakatzeko moduko tokien berri emateko. Halaber, Gorbeiako Parke Naturaleko arduradunen jarrera ezin hobea ere nabarmendu du –ikerketa haien baimenarekin egiten ari da, hori bai, inolako kostu publikorik gabe–.

Javi Castro Deban bizi da, eta 2012tik 65 aldiz egin du Debatik Gorbeiarako bidea. Urte hartako ekainean Zigoitiko Abadelaueta Elkarte Etnografikoarekin harremanetan jarri eta hango zenbait informatzaileren datuak jaso zituen, baina ez ziren garrantzi handikoak. Errotarri hobien gaineko bibliografia bildu zuen eta 2014an berriro jo zuen Gorbeia aldera, Orozkora, hain zuzen, Iñaki Garcia Uriberekin batera, baina Nafarroan, Oizen eta kostaldean abiatutako ikerketak utzi gabe.

Prozesua

Ez bide zen erraza harria aukeratzetik errotara eramaterainoko prozesua. Lehenengo, harria erauziko zuten ingurua aukeratzen zuten, igurzketa bidez ehotzeko harria, esan bezala, hartarako egokiena, hareharria. Bada kareharria duen errotarik, baina horrelakoak ez dira laboreak ehotzeko erabiltzen, olioa ateratzeko baizik, eta, igurtziz barik, zapalduz.

Eremuak, Gorbeiari dagokionez, altuera handian zeuden. Haien %84, 700 eta 1.100 metro bitarteko garaieran, eta, %11, 1.100 eta 1.300 metro bitartean.

Behin harri aproposeko eremua aukeratuta, lauza handiak erauzten zituzten, edo naturak berak erauzten zituenak hartzen zituzten; esate baterako, izotzaren eraginez banandutakoak. Jarraian, errotatik eskaera jasoko zutenerako, lanean hasteko prest uzten zituzten. Izan ere, errota bakoitzak bere neurriko errotarriak eskatzen zituen. Errotarria lantzeko, konpas batekin markatu, haren perimetroa landu eta aldeetako bat berdintzen zuten. Ondoren erdigunea markatzen zuten eta zuloa egiten hasten ziren, harria guztiz zeharkatu gabe, ordea, apurtu ez zedin. Hori eginda, harriari buelta eman, beste aldea lautu eta erdiko zuloa bukatzen zuten, tentu handiz, fase horretan harria hausteko arrisku handia zegoen eta.

Nafarroako, Bizkaiko eta Arabako hobi banatan errotarriak lantzeko tresnen aztarnak topatu dituzte. Lanbide horretarako berariazko tresnak ziren, hala nola mazoak, bi puntako pikotxa edo harmailuak. Aztarna horiek erakusten dutenez, falkak eta pletinak erabiliz mozten zituzten haitzak. Hamarren bat egun ematen zituzten harriak lantzen, eta gauez ere bertan geratzen ziren. Gorbeiako hobien erdietan hartarako prestatutako aterpe edo etxolen arrastoak topatu dituzte.

Errotarria bukatutakoan, lerak erabiltzen zituzten gurdia zuten lekuraino eramateko, eta, handik, idi pareak tiratuta, errotaraino eramaten zuten, bide egokiak aukeratu edota prestatuta, kontuan izanda harri haien batez besteko pisua 900 kilokoa zela. Batzuk arinagoak ziren, baina beste batzuk 1.000 kilotik gorakoak. Batzuetan 100etik gora kilometrora eraman behar zituzten harritzar landu haiek, eta haietako batzuk itsasoz esportatzen zituzten, Portugalera eta Frantziara.

Aurkitutako errotarriak tamaina askotakoak dira. Txikienak, 40 zentimetroko diametrokoak; handienak, 165ekoak. Datu horietatik eta dokumentuetatik zenbait ondorio atera ditu Castrok. Alde batetik, Gorbeian eta inguruan XII. mendea baino lehenagotik errotarriak lantzen zituztela uste du. Horren gaineko dokumenturik zaharrena Joxe Iturratek Arabako Artxibo Historiko Probintzialeko protokoloetan eskuratutakoa da, 1550eko agiria, Zuiako Azerdoiaga harrobikoa. Hala ere, IX. mende bukaerako dokumentu batek egun Zigoitiko udalerriko kontzeju den Akosta herriko errotaren berri dakar; beraz, pentsatzekoa da garai hartako errotarri txikiak lantzeko herrixkatik gertu den Oketa mendiko harriak erabiltzen zituztela. Izan ere, badirudi errotarri txikienak antzinakoagoak direla, eta mendeen joanean haien diametroa handituz joan zela, labore kantitate handiagoa ehotzeko. Haien prezioa ez zen txikia. XVII. mendean, 15 dukat ingurukoa, eta haien iraupena 10 eta 20 urte bitartekoa.

Ez dabilen harriari...

Esamolde zaharrak dioenez, dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen. Zentzu literalago batean, kontrakoa gertatu zaie mendiko errotarriei.

Ez da batere samurra hobiak eta errotarriak mendian aurkitzea. Castrok urteetako eskarmentua du dagoeneko pilatuta, eta irakaspen horiek bere kolaboratzaileei transmititu nahi izan dizkie. Ez omen da-eta batere erraza, «harri-koskor biribilak ikusteko begiekin begiratzen jakin arte». Gorbeiako harrietan ikusten zailenak urte askoan abandonatuta egon ondoren «naturak, lehengoratu nahian, bere kolkora bildu dituenak» dira, gehienak goroldioz estalita baitaude.

Errotarri hobi ziurtatuen kopurua aste batetik bestera alda liteke. Edonola ere, oraindik orain Euskal Herriko hobien gaineko datuak honako hauek dira: Lapurdi, 3; Araba, 78; Trebiñu, 9; Gipuzkoa, 4; Bizkaia, 53; Nafarroa, 50.

Aranzadiko kideak azaldu duenez, Trebiñuko errotarri hobiak ez daude Arabakoekin batera katalogatuta, Atlas Meulières proiektuak lekuen administrazio banaketa ofizialen arabera sailkatzen baititu. Euskal Herrian, horrenbestez, 197 errotari hobi daude egiaztatuta. Horietatik 171 Castrok berak egiaztatu ditu.

Europan mota horretako 900 harrobi daude; horrenbestez, Euskal Herriak haien parte handi bat dauka. Zuia eta Zigoitia dira lanbide horren aztarnarik gehien dauzkaten euskal udalerriak, baina Bizkaiko Orozko ere ez da atzean geratzen, eta, Euskal Herrian ez ezik, Europako eta munduko katalogoan ere lehen postuetan daude Gorbeialdeko hiru udalerri horiek, laugarrenari, Dordogneko Saint Crépin de Richemont udalerriari, alde nabarmena aterata. Eta Bizkaiko beste udalerri bat ere, Berriz, munduko lehenen artean ageri da.

Honako hauxe da mundu mailako sailkapena gaur egun: Zuia (Araba), 40; Zigoitia (Araba), 37; Orozko (Bizkaia), 29; Saint Crépin de Richemont (Dordogne), 15; Sant Lluis (Menorca), 14; Berriz (Bizkaia), 13; Ciutadella (Menorca), 11.

Une honetan Gorbeiako Parke Naturalean 99 errotarri hobi daude egiaztatuta, eta beste zortzi haren ingurumarietan: sei Orozkon, bat Zuian eta beste sei Baranbion (Amurrio). Harrobi guztietan, jakina, gutxienez errotarri bat dago –osorik edo haren zatiak–, baina batzuetan gehiago daude; batez beste, lau errotarri bakoitzeko. Denetara, 370, Gorbeiaren azaleraren %30ean barreiatuta.

Toponimia

Errotarri hobien ikerketarako lagungarria izan da batzuetan toponimia eta, halaber, ikerketak hainbat toponimo berreskuratzeko ere balio izan du. Castrok dioenez, ez dute ezer asmatu, berreskuratu baizik.

Bizkaiko Foru Aldundiaren “Kobie. Antropología cultural” aldizkarian argitaratutako “Notas etnohistóricas sobre la fabricación de piedras de molino en las canteras del macizo de Gorbea” artikuluan, Markiako eta Zarateko bizilagunek 1550tik 1765ra bitartean harrobi horietan egindako lana dokumentatu zuen Jose Iturratek. Dokumentu horietan Larrialdai, Beraso Ankozar eta Azerdoiagako harrobiak aipatzen dira, baina ez azkenaren leku berean dagoen eta gaur egun oso ezaguna den “Cantera de los Moros”, eta erraz ondorioztatzen da erdal toponimo hori ondorengoa dela eta harrobi hori dagoen lekuaren jatorrizko izena Azerdoiaga zela.

Bestetik, Jose Iturratek dioenez, harginen artean ondo moldatzen ziren eta bizikidetza ona zegoen, sarritan kontratu berean agertzen baitziren, alderdi interesatu zein eskrituraren lekuko gisa. 1641-1642ko zerga ezarri zietenean, adibidez, denek batera aurre egin zioten.

Javi Castro mendizalea, etnografiak harrapatutako kimikari zorrotza

Javi Castro, 64 urteko donostiarra, kimikaria da lanbidez, baina duela zenbait urtetatik etxekoei, lagunei eta zaletasunei nahiko denbora eskaintzeko aukera du. Esate baterako, mendiari. Duela 30 urtetik Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da; beraz, ez da etnografia ikerketaren arloan hasiberria. Landa-lana du gustukoen, baita hainbat dokumentazio gunetan arakatzea ere. Eta, gustukoen ez duen arren, dibulgazioa ere badu helburu, «beharrezkoa baita». Ikertzen dituen gaien gaineko artikulu ugari idatzi ditu zenbait aldizkaritan.

“Errotarri Gorbeia” proiektuan aurrera egin ahala, informatzaileak biderkatuz joan zitzaizkion, eta esker onez hitz egiten du dozenaka lagun horiez, hala nola kolaboratzaile estuak dituenez: besteak beste, Iñaki Garcia Uribe ugaotarra, hain zuzen ere, hilaren 15ean Zigoitiko Ondategin “Gorbeia Araban” erakusketa inauguratuko duena, edo Luiso Lopez baranbiarra, Isidro Saenz de Urturi apodakarra, eta Esteban Etxebarria maurgarra, Gorbeiaren ezagutzaile apartak.

Aspaldiko hargin haiek bezala, Castrok eta haren taldeak ingurua aztertzen dute lehenik, errota lanerako lehengai egokiaren bila. Ezin hobeto azaltzen du Castrok bere lana harrobi bat aurkitzean egiten dituen txostenetan. Eskibelburuko harrobiaren gaineko txostenaren pasarte bat hartu dugu horren erakusgarri: «Zaratetik abiatu eta basoko pista hartuta, Alpartizarren zehar iparrerantz jarraitzen dugu, bost kilometroan, Aratzaren gailurrera (1.136 m) iritsi arte. Jaitsiera arinean, ipar-mendebalera joan behar dugu esploratzera. Artazaren gailurretik 500 metrora dagoen haitz inguru batera iritsi gara, aurreko batean Berretin mendiko sartaldeko magaletik ikusita genuen. Orein eme batzuk mendi-mazelan behera doaz, ugalde errekarantz, iparraldera bira egin eta Pagazuriko mazela igotzeko. Haitz horietara hurbildu garenean hareharri mota hori kaskar samarra dela ikusita, uste dugu ez dela harginek ustiatzeko modukoa. [...] Luisok sartalderantz joatea proposatu du. [...] sartaldeko mazelara joan baino lehen, zantzuak dituztenen artean markatuta dauzkadan inguruetako baterantz abiatu gara, Zuiako lurretan. Hegorantz egin dugu, Aratzatik Ugalde ibarrerantz jaisten den hariztiaren burura iritsi eta berehala ikusi dugu kontuan hartzeko moduko harria duen hartxingadi bat, basoan gordeta. Eskibelburu da. Esplorazioari ekin diogu. Haitzak oso zatikatuta daude, eta pila handitan bilduta. Horrek pentsarazi digu leku horretan lan handia egin zutela. Pilaketak ez dira naturalak, eta harriak handi samarrak dira. Pila gehienak landareek estalita daude eta saiatu egin beharra dago errotarri-lanaren aztarnaren bat aurkitzeko. Elkarrengandik 50 metrotara banandu eta behetik gora sigi-sagan aurrera egin dugu, harik eta sakonune batean 130 x 30 zentimetroko errotarri bat topatu dugun arte, haritz zahar batek zaindua». Txostena askoz luzeagoa da, jakina; balio izan beza lagin txiki honek, ordea, Castroren lanaren zorroztasuna erakusteko.