NAIZ
BILBO

Kataluniarekiko elkartasunez, manifestazioa egingo dute Bilbon

«Demokrazia» eta «Bozkatu erabakitzeko» lelopean, milaka lagunek hartuko dituzte Bilboko kaleak larunbat arratsalde honetan Gure Esku Dago mugimenduak deitutako mobilizazioari erantzunez. Bertan, urriaren 1ean Katalunian egingo duten erreferenduma babestuko dutela aurreratu dute antolatzaileek.

Diada eguneko argazkia, estelada eta ikurrinak nahasian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Diada eguneko argazkia, estelada eta ikurrinak nahasian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Gure Esku Dago mugimenduaren deialdiari jarraiki, milaka lagun espero dira larunbat arratsalde honetan Kataluniarekiko elkartasunez Bilbon egingo den manifestazioan. Martxa 17.30ean abiatuko da, La Casillatik.

Manifestazio deialdiak atxikipen ugari jaso ditu azken egunetan. Besteak beste, ELA eta LABek bertan parte hartzeko deia egin dute, baita EH Bilduk ere. EAJko hainbat buruzagi ere espero dira gaur Bizkaiko hiriburuan, eta gizarte zibiletik Garbiñe Biurrun, Toti Martinez de Lezea, Blanca Urgell edota Iñaki Goirizelaia bezalako izenek babestu dute mobilizazioa.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendutik adierazi dute urriaren 1eko erreferendumari babesa adierazteaz gain erantzun bide «antidemokratikoak» gaitzetsiko direla «Demokrazia» eta «Bozkatu erabakitzeko» lelopean burutuko den manifestazioan.

Martxa abiatu aurretik adierazpenak egingo dituzte medioen aurrean Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasek eta mobilizazioari sostengua adierazi dioten aurpegi ezagun batzuek eramango dute pankarta. Amaieran, 19.30ak aldera, adierazpen bat irakurriko da euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Mobilizazioaren nondik norakoak sarean zabaltzeko #Demokrazia eta #Kataluniarekin traolak erabiltzea proposatu dute antolatzaileek.