NAIZ
BILBO

Azaroaren 5ean 13 herritan egingo ditu galdeketak Gure Esku Dagok

Datorren azaroaren 5ean Bizkaia eta Gipuzkoako hamahiru herritan estatus politikoari buruzko galdeketak egingo ditu Gure Esku Dagok, 160.000 pertsona bizi diren eremuan.

Orain arte, 165 herritako 155.000 biztanlek hartu dute parte galdeketetan. Irudian, Leitza. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Orain arte, 165 herritako 155.000 biztanlek hartu dute parte galdeketetan. Irudian, Leitza. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Azaroaren 5ean, hamahiru herritako biztanleak estatus politikoaren gaineko galdeketetan parte hartzera deitu ditu, tokian tokiko dinamiken bitartez, Gure Esku Dagok: Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandiokoak, hain zuzen.

Olatu desberdinetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 165 herritako 155.000 biztanlek hartu dute hitza.

Azaroaren 5ean galdeketak egingo diztuzten 13 herrietan 160.000 biztanle bizi dira. Horien artean dago Getxo, ia 80.000 biztanle dituena, orain arte galdeketa egin dutenetatik handiena izango delarik. Gure Esku Dagoren aburuz,«zalantzarik gabe, salto kualitatibo garrantzitsua izango da».

Azpimarratu dutenez, ehunka boluntario urtebete inguru daramate lanean halako galdeketek eskatzen duten prozesua bideratzen: «GEDren herri galdeketetarako protokoloak eskatzen duen sinadura kopurua jaso dute herriz herri, dinamika parte hartzaileen bidez galderak adostu dituzte eta galdeketaren alor teknikoa zorroztasunez lantzen ari dira egunotan, kanpaina abiatzearekin batera».

Antolatzaileen helburua «hautetsontziak kalera atera eta ahalik eta herritar gehienek normaltasunez parte hartzea» da, «herriz herri, demokrazian sakontzeko tresna baitira herri galdeketak».