@gara_miantzi
IRUN

Maialen Lujanbio makina topera, Irungo kiroldegian

Sarrerak agortuta, 2.260 entzule elkartu dira Irungo Artaleku kiroldegian. Ikusmin handia zegoen bigarren finalaurreko honen inguruan eta publikoa aseta gelditu da, nahiz eta bertsolarien artean alde handia egon. Lehenak, Maialen Lujanbiok, 750 puntu eskuratu ditu eta azkenak, Aimar Karrikak, 605. Tartean izan dira, 705 punturekin, Aitor Sarriegi, 667,5ekin Unai Agirre, 651rekin Alaia Martin eta 634,5ekin Maddalen Arzallus.

Irungo Artaleku kiroldegia bete egin da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren saioan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Irungo Artaleku kiroldegia bete egin da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren saioan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Kartzelako lanean pilatu ditu Maialen Lujanbiok puntu gehien, honako gaiari kantatuz: «Dena ondo zihoan, argia piztu den arte». Artaleku txaloka lehertu da ariketa honetan, hainbertze bigarren bertsoaren bukaera ia ez dugula aditu. Hona hiru bertsoak: «Trago bat eta beste trago bat gure kaleetan barrena/ ta piztea da alkoholak eta sexu grinak dakarrena/ zure etxera nere etxera betiko gauzak aurrena/ zure logelan sartu gera ta hara hemen ondorena/ argia zegon itzalita ta bertan biluztu naiz dena/ ta bat-batean piztu egin da argi txiki xumeena/ nere gerrira begira zaude ez naiz uste zenuena».

«Estali arte izan dugunak nahiko irri nahiko broma/ ahorik aho pasa dugunak gintonic barruko horma/ bular parea zut neukan eta zuk eman didazu forma/ galtza estuak nebilzkin arren ez takoi eta ez gona/ hau ta hura naiz hartzen ari naiz zenbait botika hormona/ gizona eta andrea nauzu ez andrea ez gizona/ nere inon ez egon nahia ote da zure ezinegona». 

«Gizarte honen estereotipo ta gizarte honen usten/ tranpan zu ari zera erortzen eta hori ez dizut uzten/ zuk badakizu nola zizelka eta marraztu gaituzten/ ze inporta du gaur ari banaiz zure aurrean biluzten/ eta neroni ni neu naizena hori bakarrik gorpuzten/ nere gerripe zintzilikako desira ari da puzten/ itzali zazu argia eta utzi azalari ikusten».

Aitor Sarriegiren kartzela ere aunitz eskertu dute entzuleek. Umoretsu aritu da beasaindarra. «Denbora asko zen juergara ni ez nintzela atera/ izugarrizko gogoa ta suertatu zait aukera/ barra ertzean neska bat bai bera ote da bera/ aspaldi begia bota nion ta noan hastera/ hizketari ekin diot ta segi dugu aurrera/ bapatean bota diot goazen amaren etxera/ igo eta pasilloan ia lapurren antzera/ elkarri eskutik helduta gelaraino heldu gera», abestu du lehena.

Eta hurrengo biak: «Bapatean baztertu det planean neukan gaupasa/ ta nere baitan pentsatzen ere hasi naiz nere kasa/ batzuetan ligatzea ez da izaten erraza/ eta gaurko honek dauka oso gutxitako traza/ arropak kendu ditugu berotu zaigu arnasa/ maindirepean sarturik bizkortu dugu konpasa/ pentsatzen ari nintzela hau izango da demasa/ argia piztu dute ta eten digute jolasa».

«Ta atean noski ama ezin zen izan bestela/ ezerezean geratu zaigu ahalegin ustela/ horrelakoetan nola sentitzen den bat txepela/ nik uste nuen builaka bertantxe hasiko zela/ ta bapatean esan dit inoiz entzun ez bezela/ gaur sorpresarik ez Aitor gauzak behar dik horrela/ eta esan dit kondoiak mesanotxean daudela/ gazteak zarete eta gozatu dezazuela».