NAIZ
DONOSTIA

Bergarako Arcelor Mittalen gertatutako lan istripu «larria» salatu du LABek

Arcelor Bergarako langile bati «ondorio larriak» utzi dizkion lan istripu baten berri eman du LABek, «pisu handiko» laminaziozko zilindro bat erori baitzitzaion asteartean beharginari. «Lan istripuak ez dira puntualak eta ez dira kasualitatez gertatzen», salatu du sindikatuak, arriskuen prebentzioa lantegi horretan «amets hutsa» dela kritikatuz.

Arcelorren Bergarako lantegiaren artxiboko irudi bat. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Arcelorren Bergarako lantegiaren artxiboko irudi bat. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez sindikatu abertzaleak azaldu duenez, asteartean, langile batek estropezu egin eta urrutiko agintearen gainera erori ondoren, «pisu handiko» laminaziozko zilindro bat etorri zitzaion gainera.

Istripuak «ondorio larriak» utzi dizkio beharginari eta «zorigaiztoko amaiera» honi azalpena eman dio sindikatuak: lan hori «bi pertsonen artean egin beharrekoa» zela, hain zuzen.

«Etorkizuneko planik gabeko enpresa baten aurrean gaude, plan industrialik gabekoa, inongo inbertsiorik egin gabe diru-laguntzak jaso dituena, langileen prekarietatearen kontura soilik aurrezten duena», gaitzetsi du LABek, arriskuen prebentzioa lantegi honetan «amets hutsa» dela nabarmenduz.

Sindikatu abertzalearen iritziz, egoera honetan «ez da harritzekoa da atzo bezalako gertakariak egotea», izan ere, «Bergarako planta ireki zenetik ia ez da inbertsiorik egin, eta horren lekuko dira enpresaren makina eta instalazioak».

Prekarietateak «hil egiten duela» salatu du LABek eta argi utzi du lan istripuek «erantzuleak» dituztela eta «ekidin daitezkeen gertakariak» direla. «Lan istripu honek erantzule argi bat dauka: Arcelor Mittal enpresa».