NAIZ
DONOSTIA

Metroaren pasantearen aurkako mobilizazio astea Donostian

Aste honetan hainbat mobilizazio egingo dira Donostiako Metroaren pasantea eraikitzeko asmoz Antiguan iragarri duten obren hastapena geldiarazi asmoz. Mobilizazio asteari amaiera larunbatean emanen zaio Satorralaia bizilagunen mugimenduak Antiguatik Alderdi Ederrera deitutako manifestazioarekin.

Metroaren aurkako aurreko mobilizazio bat Antiguan. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Metroaren aurkako aurreko mobilizazio bat Antiguan. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Metroaren pasantearen bultzatzaileek lanak aste honetan hasiko direla iragarri dute. Hori dela eta, Satorralaia mugimenduak hainbat mobilizazio deitu ditu aste honetarako eta «jende guztiari» dei egiten diote «inposatze-egitasmo honi ahalik eta herri-mobilizazio indartsuenarekin erantzuteko».

Bihar, azaroak 14, elkarretaratzea eginen dute Merkataritza Ganberan 17:45ean. Bihar egingo dituzte-eta obraren zuzendariek eta Jaurlaritzaren teknikariek egitasmo honek Antiguan zuzenean kalteturiko etxebizitzetako bizilagunei azalpen teknikoak emateko azken bilera, leku berean, 18:00etan.

Ostegunean, aldiz, obrak gelditzeko aldarrikapen gunea osatuko dute Zarautz etorbideko eremu kaltetuan eta bertan prentsaurrekoa emanen dute. Gunea 10:00etatik aurrera egonen da kokatua eta prentsaurrekoa 11:30ean izanen da. Baina mobilizazioak ez dira soilik goizean izanen. Hala, 18:30ean auto-karabana bat abiatuko da Amarako Pio XII Plazatik eta aldi berean hiri-erdialdeko kaleetan informazioa banatuko da.

Aldarrikapen eta protesta asteari larunbatean jarriko zaio txapela, Antiguatik Alderdi Ederrera egindo den manifestazioarekin. 17:00etan abiatuko dira.