NAIZ

Deustuko Gazte Lokala: «Gure interbideekin ez dute negoziorik egingo, beharbada hori da benetako arazoa»

Deustuko Gazte Lokaleko kideek agerraldia egin dute Udaleko ordezkariekin izandako bileren berri emateko. Irailean eraistea bertan behera gelditu zen, baina salatu dutenez insonorazioa proiektua atzera bota dute eta babes ofizialeko etxebizitzak egingo dituztela esan diete Udaletik. Hala ere, eztabaidatzeko prest daudela agindu dute gazteek.

Deustuko gazte lokaleko kideek agerraldia egin dute.
Deustuko gazte lokaleko kideek agerraldia egin dute.

Iraila bukaeran Deustuko Gazte Lokala eraisteko agindua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak eta elkarrizketa prozesu bati hasiera eman zioten. Lokal autogestionatuko gazteek insonorizazio proiektu bat aurkeztuko zutela adostu zuten, baina urrian izandako bileran atzera bota eta «gazteentzako alokairuan eskainiko diren babes ofizialeko etxebizitzak» egingo zituztela esan zietela Udaleko ordezkariek salatu dute.

Gazte lokaleko kideek izaten ari diren elkarrizketen inguruko irakurketa azaldu nahi izan dute agerraldian.

Salatu dutenez, «Gazte Lokala eraisteko arrazoia ez da kontzertuek sortzen duten zarata, Asier Abaunzak publikoki adierazi zuen moduan». «Azken salaketa 2016koa da. Gainera, gure gain hartu genuen insonorizazioak arazoarekin bukatuko luke, baina ez dute horrelakorik nahi. Horrez gain, gure alde ditugu Gazte Lokalaren inguruan dauden portaletako auzokide gehienak, babes handia helarazi digutenak. Deustuko norbanako, mota ezberdinetako talde eta komertzio askok egin duten moduan. Elkartasun guzti hau Deustun egiten dugun lanaren adierazgarri da, zarata anekdota bat besterik ez den bitartean», gaineratu dute.

«Gazteentzako alokairuan eskainiko diren babes ofizialeko etxebizitzena aurpegia zuritzeko soilik egiten duten maniobra bat da», adierazi dute. Gazte Lokaleko kideen iritziz, «Bilboko Udalak ez dauka gazteok emantzipatzeko ditugun arazoak konpontzeko interesik, Deustuko alokairuen batezbesteko prezioa 947 eurokoa baita, eta 2300 etxe inguru daude hutsik. Zer egiten dute egoera hau konpontzeko? Ez gaitzatela engainatu! Etxebizitza eskubide izatetik negozio izatera pasa zen duela denbora nahiko. Guk argi daukagu, ez gaude gehiago eraikitzearen alde, ez gaude gutxi batzuen negozioaren alde, etxebizitza ezin baita merkatuaren logikaren menpe egon. Daukaguna modu egokian kudeatzearen alde gaude, okupazioaren alde». 

Udalak proposatzen duen autogestio eredua eta beraiek planteatzen dutena ez datoz bat. «Eurek kudeatutako baina soldata gabe mantentzen diren proiektu edo eraikinei autogestionatu deitzen diete. Autogestioa gure lokal edo proiektuak kudeatzeko baliabide propioak sortzea da, asanbladen bidez era kolektiboan hartutako erabakiei soilik men egitea. Botere harremanak suntsitzeko bokazioa duten gune askeak eraiki nahi ditugu, espazio irekiak, ikasteko eta irakasteko balio dutenak. Eta inondik inora udalaren agindupean dauden gune kontrolatuak», kritikatu dute.

Azaroaren 13an beste bilera bat izan dutela Udaleko ordezkariekin esan dute eta eztabaida interesgarria izan dela. «Eurek zarata, elkarbizitza edo gazteentzako etxebizitza falta diotenean, guk insonorizazioa, Deustun, 2017ko Azaroaren 15ean auzoan inplikazioa eta auzokideen arteko harremanaz eta etxe hutsak betetzeaz ari gara. Gure irtenbideekin ez dute negoziorik egingo, beharbada hori da benetako arazoa. Baina gu eztabaidatzeko prest gaude», azaldu dute.

Salatu dutenez, «Deustuko Merkatu Zaharra bota nahi dute gure mesederako, edo hori sinestarazi nahi dute, baina ez gaituzte engainatuko. Ez dute etxebizitzaren arazoarekin bukatu nahi, ez da egiten dugun zaratagatik, eta ez da lokal hobe, prestatuago eta berri bat gazteek autogestionatzea nahi dutelako. Etxerik gabe eta espaziorik gabe nahi gaituzte».

«Baina ez dute lortuko. Inposatzen diguten bizi ereduaren aurrean gure hautuan berresten gara, kolektibotasunean eraikitako espazio aske autogestionatuak sortzen eta defendatzen jarraituko dugu», gaineratu dute.