NAIZ

Adunako lantegi berrian fabrikatutako lehen ibilgailu %100 elektrikoak entregatu ditu Irizarrek

Adunako e-mobility lantegian ekoiztutako lehen bi autobusak aste honetan entregatu ditu Irizar enpresak. Bilbobusek eskatutako bi autobus %100 elektriko dira. 200 kilometrotik gorako autonomia daukate. Dagoeneko zuzeneko lehen 100 lanpostuak sortu dituela nabarmendu dute.

Irizarrek Bilbobusek eskatutako bi autobus %100 elektriko entregatu ditu. (IRIZAR)
Irizarrek Bilbobusek eskatutako bi autobus %100 elektriko entregatu ditu. (IRIZAR)

Irizar e-mobility lantegiko lehen bi autobus 100% elektrikoak entregatu dituzte. Bilbobusek eskatutakoak dira eta bizkaitar hiriburuko Udalak 2016ko amaieran eskatutako biei gehituko zaizkie.

12 metroko autobusak dira. %100 elektrikoak izanik, ez dute zaratarik sortzen, erabat isilak baitira eta dute kutsadurarik sortzen, Irizarrek ohar baten bidez nabarmendu duenez. 200 kilometrotik gorako autonomia daukate. «Modelo honetako lehen unitateak duela hiru urte entregatu genituen eta martxan dabiltza Europako hamar hiritan, eta dagoeneko autonomia, efizientzia eta fidagarritasuna kontrastatuta daude».

Jakinarazi dutenez, «dagoeneko bazeuden 12 metro luzeko modeloei aurten 10,8 metrokoak gehitu zaizkie eta 18 metroko autobus artikulatuaren bi bertsio. Biak ala biak hiri mugikortasunerako irtenbide berriak dira pertsona kopuru handiagoa mugitzeko». 

Aurtengo ekainean hasi ziren Adunako lantegian ibilgailuak ekoizten. «Gaur egungo eskaera-zorroak eta zero igorpeneko produktuentzat epe motzean aurreikusitako eskaera handiak serieko ekoizpena hastera eraman gaitu», azaldu ute. «Dagoeneko zuzeneko lehen 100 lanpostuak sortu dira, eta beste hainbeste zeharkako».