NAIZ
ZARAUTZ

Gipuzkoan egunero N-I errepidetik igarotzen diren kamioien erdia baino gehiago kanpokoak dira

Urtarrilarekin Gipuzkoan N-I errepidean kamioientzat indarrean izango den AT bidesariaren xehetasunen berri eman du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. Garraiolariei gogoratu die Via T sistemarekin bateragarria den gailurik ez badute erregistratu egin behar dutela.

Aintzane Oiarbide diputatua, Bidegiren Zarauzko kontrol zentroan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Aintzane Oiarbide diputatua, Bidegiren Zarauzko kontrol zentroan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

2018ko urtarrilean jarriko da indarrean N-I errepideko garraiolarientzako bidesaria Gipuzkoan; AT sistemaren azken xehetasunak emateko agerraldia egin du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatu eta Bidegiko lehendakariak. 

Oiarbidek AT sistemaren portikoak ikuskatzeko kontrol zentro berria eta Zarautzen kokatuko den back office edo sistemaren datu guztiak kudeatuko dituen zentroa aurkeztu ditu. Horien bidez kudeatuko da peaje berria. Aurreratu duenez, hilabete daramate frogak egiten eta epe horretan sistemaren 3,5 milioi transito baino gehiago erregistratu dira.

Tarifak ibilbidearen araberakoak izango dira. Hala, Andoaingo arkua pasatzeko 0,56 euro ordaindu beharko da; Irun-Etzegarate ibilbide osoa egiteko, berriz, 6,89 euro. Tarifak abenduan onartuko dira, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2018ko aurrekontuen foru arauaren bidez. Oiarbidek ohartarazi duenez, kanona ez ordaintzea arau-haustea litzateke eta, kasu horretan, isuna ordaindu beharko da. Horregatik, garraiolariei gogoratu die erregistratu egin behar direla, Via T sistemarekin bateragarria den gailurik ez badute. Horretarako, bidegiren webgunea erabil dezakete edota abenduaren erdialdean errepide sarean jarriko diren bost kioskoetan egin dezakete.

«Portikoak Via T sistemarekin bateragarri den gailurik gabe igarotzen badira, garraiolariak gehienez ere 24 ordu izango ditu erregistratzeko. Halakorik egin ezean, gehienez ere borondatezko bi hilabeteko epea izango du. Epe hori igarotakoan, zigor espedientea irekiko zaio», esan du.

Sistemaren kontrol zentroak eta back office delakoak «errendimendu osoan» funtzionatzen dute, eta martxan jarri aurretik egokitzapen batzuk baino ez dira falta.

Egunero 12.000 kamioi

Irundik Etzegaratera egunero 12.000 kamioi igarotzen direla adierazi du Oiarbidek; horietatik %55,3 kanpokoak dira. %44,7k Estatu espainoleko matrikula dute; %24,2k Portugalekoa; %4,7k Estatu frantsesekoa; %4,4k poloniarra; %4,2k errumaniarra eta gainerakoak beste herrialde batzuetakoak.

Peajearen berri emateko kanpaina jarri du abian Bidegik, triptikoen bidez. Aritzetan, gainera, informazio zentroa jarriko du urtarriletik aurrera.