NAIZ
DONOSTIA

CAFek 55 milioi euroko kontratua lortu du Budapest hirirako 26 tranbia egiteko

CAF konpainiak 26 tranbia egingo ditu Budapest hirirako eta Budapesti Közlekedési Központ (BKK) hiriko garraioaz arduratzen den enpresak erosiko ditu. Lehen tranbiak 2019ko otsailetik aurrera emango dituela aurreikusi du, eta kontratuaren bolumena 55 milioi eurokoa da, gutxi gorabehera. Kontratuak bi tranbia motaren fabrikazioa biltzen du: 21 tranbia bost modulukoak izango dira, eta gainerako bost ibilgailuek bederatzi modulu izango dituzte.

Budapesterako CAFek eginiko tranbia bat. (CAF.NET)
Budapesterako CAFek eginiko tranbia bat. (CAF.NET)

Euskal enpresak jakinarazi duenez, 2014ko martxoan sinatu zuen lehen kontratua BKKrekin. Orduan, 37 tranbia unitate izan ziren eta gerora kontratua handitzeko aukera ere biltzen zuen. Hain zuzen ere, handik hilabete batzuetara, hamar unitateko lehen handitze proiektua esleitu zuten. Haiek guztiak dagoeneko bidaiarientzako zerbitzuan daude, eta, bi eragiketa haiei esker, bolumena 115 milioi euro baino gehiagokoa izan zen.

Hungariako hiriburua izan zen hiriko garraiobide hori erabiltzen hiri aitzindarietako bat eta gaur egun trenbide sare zabala du. Guztira, 40 linea inguru ditu eta Europa osoan bidaiari gehien garraiatzen dutenetarikoak dira haietako batzuk. Hori guztia dela eta, CAFek bereziki nabarmendu du hiriak berriro ere berak fabrikatutako ibilgailuetan konfiantza jarri izana.

Budapesterako proposatutako tranbiak Urbos plataformakoak dira. Zoru baxuko ibilgailuak dira, bi noranzkotakoak. Bost moduluko tranbiak albo bakoitzeko lau ate bikoitz ditu, eta bederatzi moduluko tranbiak, berriz, zazpi ate bikoitz. 1.435 mm-ko trenbide zabaleran eta orduko 50 kilometroko zerbitzu abiaduran zirkulatzeko prestatuta daude.

Bost moduluko tranbiek 34 metroko luzera dute, eta 326 bidaiari arte garraiatzeko edukiera. Bederatzi moduluko tranbiek 56 metroko luzera dute eta guztira 562 bidaiari garraia ditzakete (munduko tranbia luzeenetako bat da). Tranbiaren azalera guztia altuera bakarrean dago eta, horri esker, mugikortasun mugatuko pertsonek sarbide erraza izango dute, gurpildun aulkia edo haurtxoen orgatxoak erabiltzen dituztenek barne (ibilgailu bakoitzeko bi gune egongo dira horretarako).

Budapestekoa izango da hasi berri den urterako CAFen lehen proiektua, eta aurreko ekitaldia itxi zuenean erakutsitako eskarien zorro handia sendotu du. Gainera, euskal enpresak Europako tren merkatuan duen presentzia handia berretsi du kontratu berriak.