NAIZ
EDINBURGO

Urte amaiera aurretik erabakiko du Sturgeonek bigarren independentzia erreferendumaz

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak aurreratu du BBC kateari eskainitako elkarrizketa batean urtea amaitu aurretik, udazkena aldera, erabaki dezakeela bigarren independentzia erreferendumaren inguruan.

Nicola Sturgeon, Eskoziako lehen ministroa, BBC-ri eskaini dion elkarrizketan. (NAIZ.EUS)
Nicola Sturgeon, Eskoziako lehen ministroa, BBC-ri eskaini dion elkarrizketan. (NAIZ.EUS)

Elkarrizketa eskaini dio BBC kateari Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Bertan, besteak beste, Brexitaz eta bigarren independentzia erreferendumaz hitz egin du.

Azken kontu honen inguruan aipatu du urtea amaitu aurretik hartu dezakeela gaiaren inguruko erabaki bat, udazkena aldera edo. Uste du Sturgeonek ordurako «argi» egon daitezkeela Erresuma Batuak Europar Batasuna ze baldintzetan utziko duen, eta horren arabera egingo du aurrera ala atzera.

«Fase horretara iristean, aukera eman nahi diegu eskoziarrei Europatik kanpo geratuko litzatekeen Erresuma Baten baitan jarraitu edo Eskozia independente baten artean hautatu dezaten», adierazi du lehen ministroak.

2014an ospatu zuen lehenengoz Eskoziak independentziaren inguruko erreferenduma. Ezetzak irabazi zuen orduko hartan, botoan %55a jasota. Britainiarrek Batasuna uztea erabaki zutenean, baina, berriro berpiztu zen eztabaida Eskozian, hauek bloke komunitarioan jarraitzearen alde bozkatu baitzuten.

2017ko martxoan bigarren independentzia erreferenduma iragarri zuen Sturgeon berak, baina bere alderdiak urte bereko ekaineko hauteskunde orokor britainiarretan lortutako emaitza eskasen ondorioz ‘stand by’ utzi zuen iragarpena.

Jeremy Corbyn laboristen idazkari nagusiari ere zuzendu zaio Sturgeon, eta eskatu dio izan dezala Parlamentuan Britainia Handia EBren parte izaten jarraitzearen aldeko jarrera.