NAIZ

Aratusteek Bilboko erdigunea hartuko dute otsailaren 10ean

2018ko Aratusteak otsailaren 3tik 13ra bitartean ospatuko dira Bilbon. Hilaren 10ean, aratusteetako larunbatean, hiriaren erdigunea hartuko dute egun osoan zehar ekitaldi ezberdinekin.

Udaleko zinegotziak eta konpartsetako ordezkariak egitarauaren aurkezpenean.
Udaleko zinegotziak eta konpartsetako ordezkariak egitarauaren aurkezpenean.

Indio eta bakeroak burura ekarrita, 2018ko Aratusteen egitarau zabala aurkeztu dute Bilboko Jai batzorde mistoko kideek, Bilboko Euskal Museoan. Otsailaren 3tik 13ra bitartean ospatuko dira.

Jai batzorde mistoak agerraldian azaldu duenez, «denbora luzez urre bila aritu ostean, duela lau urte abiatu genuen asmo handiko Aratuste eredua, eta sendotze bidean dagoen altxorra dugu jada». 

Esan bezala, otsailaren 3an, larunbata, abiatuko dira ekitaldiak berreskuratu eta sendotutako kopla txikien lehiaketarekin. Aurten Kafe Antzokian ospatuko da kantuz, umorez, satiraz eta mozorroz beteriko ekitaldia. Guztiontzako ireki eta doakoa, eta, amaiera gisa, The Bon Scott Band taldearen doako kontzertua izango da gozagai.

Ostegun Gizenean, otsailak 8, berrikuntza izango da; iluntzean, Fritanga elektrotxarangarekin girotuko baitira Zazpi Kaleak eta, ondoren, bi talderen kontzerturekin jarraituko du jaiak Plaza Barrian: Mississippi Queen taldea lehenengo, eta Ou Mama, ondoren.

Aurkezpenean, deia egin diete bilbotarrei aspaldiko Bilboko mozorro tradizionalak ere haien etxeetan prestatu ditzaten: Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko mozorroak, hain zuzen ere.

Bariku Mehean, otsailaren 9an, mozorro horiek jantzita joateko deia eign dute Farolin eta Zaranbolasi Plaza Barrian egingo dieten epaiketara.

Aratuste Zapatuan, otsailaren 10ean, kalera ateratzera deitu dute. Izan ere, Aratusteek Bilboko erdigunea hartuko dute egun osoz. Kale Nagusia sukalde erraldoi bilakatuko da, eta eguna jai gunean ematen dutenen abenturazale nekaezinentzako herri bazkaria prestatuko dute Albiako karpan.

Gainera, hamaika ekitaldiz beteriko programa osatu dute inguru horretako hainbat gunetan: umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa...

Arratsaldeko 19:30etan, Plaza Biribilean emango zaio itxiera jai guneari: 1985ean Bilboko Aratusteetako kopla txikien lehen lehiaketa irabazi zuen kopla kantatuko dute, atzera kontua egin eta... «baietz aurten botila erraldoiari kortxoa kendu!» desafioa bota dute Jai Batzorde mistoko kideek.

Bestalde, agerraldian argi utzi dute ez dutela onartuko emakumeon aurkako erasorik mozorro artean ezkutatzerik. Bilboko Konpartsekin eta Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragile guztien lana goraipatu eta eskertu dute.

Nabarmendu dituzten ekintzez gain, aski ezagunak eta ospetsuak diren igandeetako txapelketa gastronomikoak aurkeztu dituzte: pontxe eta torrada txapelketa, otsailaren 4an, eta neguko giroan sabelak epeltzeko, sasoi betean dauden bertoko indaben txapelketa, otsailaren 11n.

Gogoratu dutenez, bariku mehean eskola-umeen desfilea izango da eta, astelehenean, familientzako kontzertua Plaza Barrian, Bilboko Udal Musika Bandaren eskutik.

Eta otsailaren 13an, asteartea, «negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogu agurra», aipatu dutenez.