Ramón Sola
Donostia

Armagabetzea, gainditutako «meta volante»a eta herri baten sprint-a

«Armagabetzea. Euskal bidea» liburua aurkeztu da gaur Donostian, eta ekitaldia prozesu osoari buruzko hausnarketa bilakatu da. Norvegiako fasearen osteko aldaketa sakona nabarmendu dute Iñaki Egaña egileak eta Rufi Etxeberriak. A-8koa ezker abertzalearen «gainditutako ‘meta volante’»tzat jo du honek, eta Luhuson herri bat «askatu» zela erantsi du Anaiz Funosasek

Liburuaren aurkezpena, San Telmo Museoan. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Liburuaren aurkezpena, San Telmo Museoan. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Larunbat honetan GARAk kioskoetara eramango duen «Armagabetzea. Euskal bidea» liburua Donostiako San Telmo Museoan aurkeztu dute gaur arratsaldean. Aretoa betea zelarik, lau hizlari: Iñaki Egaña egilea, Iñaki Altuna editoreen izenean, Sortu alderdian gatazkaren konponbidearen ardura duen Rufi Etxeberria eta bake artisauetako bat den Anaiz Funosas.

Armagabetzeari ez ezik, prozesu osoari erreparatu diote guztiek, liburuak berak begirada zabala eskaintzen baitu, 2009. urtetik honako guztia ondo ulertzeko. Honela, bai Egañak bai eta Etxeberriak ere ETAko ordezkaritza Norvegiatik kanporatu izan ostean erakundeak egin zuen aldaketa handia nabarmendu dute. Rufi Etxeberriaren aburuz, «aldaketa kualitatiboa» gertatu zen ondoren, aldebikotasunak aurrera egiterik ez zuela-eta aldebakartasunari edukin osoa emanez eta herria protagonista zuen «orube» berri batean eraikiz.

Egañaren hitzetan ere, «paradigma aldaketa garrantzitsua eman zen» Norvegiakoaren ondoren. Bere ikerketaren emaitzaz, ondorio batera heldu da egilea: «Hau guztia duela 20-25 urte ez zatekeen posible izan, orduko markoak estuagoak zirelako».
Aurreko hamarkada arte joan da ere Funosasen lekukotasuna. Orduan Jon Anzak, Aurore Martinek eta abarrek ezaugarritzen zuten trantzearen larritasuna Ipar Euskal Herriarentzat, eta horrexegatik «Aiete arnasa eta bide-orri bilakatu zen guretzat».

Hortik aurrera sortu zen elkarlana errepasatu du, oharkabean pasa daitekeen beste mugarri batera heltzeko: 2015eko uztailean Grazi Etxebeherek ETAri laguntzeko beharraz egindako aldarrikapen publikoa: «‘Arrazoia du’ izan zen hitz horiek utzitako sentsazioa», artisauaren iritziz. Hurrengo urratsa, Luhuso: «Ipar Euskal Herriarentzat askatze bat izan zen», esan du Funosasek. Eta azkenik, Baiona, iazko apirilaren 8an: «Hor ulertu nuen benetan zer zen win-win eskema, garaile-garaile, denentzat tokia izan baitzen».

Liburu honetan egindako lana goraipatu dute hizlari guztiek eta horren zehaztapenak eman ditu Altunak. Azala bereziki txalotua ari da izaten, Koldobika Jauregiren irudi indartsuaren inguruan sortua: «Aizkora nolabait lurperatzen da baina hortik zerbait kimutzen da, loratzen da», laburbildu du NAIZeko zuzendariak.