Asier AIESTARAN
DONOSTIA

Olaizolak eta Imazek irabazi dute Atanoko partida bikaina (22-17)

Asegarceko bikoteak, finalerdietan sartu den bakarrak, Altuna III.ak eta Martijak baino hobeto eutsi dio bigarren zatian ikaragarri gogortu den neurketari.

Aimar Olaizola lehen planoan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Aimar Olaizola lehen planoan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Aimar Olaizolak eta Ander Imazek merezita batu dute lehen puntua Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxkan. Asegarceko ordezkariek bikote sendoa osatzen dutela erakutsi dute berriz, eta 22-17 menderatu dituzte Jokin Altuna eta Julen Martija leporaino bete den Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Ez zirudien halakorik gertatuko zenik urdinak aitaren batean markagailuan 0-5 aurreratu direnean. Imaz oso urduri sartu da partidan eta Jokin Altunak bikain baliatu ditu bere aukerak aurreko zuloan. Baina ikuskizunarentzat zorionez, gorriek azkar eman diote buelta egoerari, eta are azkarrago heldu da erantzuna: sei tantoko partzial batekin 6-5 agintzera igaro dira. Hori dena 12 minutuan eta 101 pilotakada soilik jota.

Hortik aurrera, ordea, neurketa asko gogortu da, piloteoak asko luzatu dira, eta ikusleek bete-beteko norgehiagokaz gozatu ahal izan dute. Urdinek abantaila batzuk izan dituzte oraindik (7-10ekoa argiena), baina atzean Imaz Martijari bizkarra erakusten hasia zen eta partidaren kolorea nabarmen aldatzen. Aimarrek bikain bukatutako bi tanto luze eta gogorren ondoren, gorriak 12-11 aurretik iritsi dira lehen atseden luzera. Ordurako 389 pilotakada joak zituzten eta bitartekariak gorri kantatzen hasiak ziren.

Joera antzekoa izan du neurketak bigarren erdi osoan, eta abantaila ia beti gorriena izan da. Hala ere, urdinek lortu dute markagailua 17ra berdintzea, nahiz eta Altunari gero eta gehiago kostatzen zitzaion tantoa amaitzea eta Martijaren aurpegian nekea somatzen zen. Hain zuzen ere, 17-17ko horretatik zuzenean joan dira 22-17kora Olaizola eta Imaz, biak ere tanto ikusgarriak jokatuta eta majo gozatu duten ikusleen txalo artean.

Bigarren jardunaldia datorren asteburuan helduko da. Larunbatean Labriten lehen jardunaldiko bi irabazleek jokatuko dute elkarren aurka, Olaizola II.a-Imaz eta Elezkano II.a-Rezusta bikoteek; igandean Eibarren bi galtzaileen arteko dema jokatuko da, Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija.