Jon Ormazabal

Elezkano-Rezusta, amildegiaren ertzetik finalera (22-21)

Altuna III.a-Martijak partida eskuan izan dute 18-21ekoan, baina gorrien defentsa zoragarriak beharrezkoa zuten garaipena eman die partida amaiera zirraragarri batean.

Elezkano eta Rezusta, elkar besarkatzen (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Elezkano eta Rezusta, elkar besarkatzen (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Danel Elezkano eta Beñat Rezusta izango dira Ezkurdia-Zabaletaren arerioak apirilaren 9an Bilbon jokatuko den Binakako finalean, partida amaiera zirraragarri batean Altuna III.a-Martijari tanto bakarraz irabazi ostean.

Jokoan ezer izan ez arren, txapelketako bikoterik gazteenak esku-eskura izan du garaipena, 18-21 aurreratu dira eta. Baina gorriek sekulako defentsa erakutsi dute, Danel Elezkanok ezinezkoak ziruditen bi pilota altxa ditu gutxienez eta azken sake-errematean asmatuta, finalerako txartela eskuratu dute.

Ez dute, hala ere, partida ona egin lehen ligaxkan bikoterik sendoena osatu zuten horiek; urduritasunak lotuta, ez dute eurena eman. Hasieran Rezusta izan da normalean baino huts gehiago bildu dituena, eta partida erditik aurrera Elezkanori kosta egin zaio errematean sartu eta asmatzea.

Gauzak horrela, eta urdinek gauzak oso ongi eginda, Martija azken bi partidetan baino askoz freskoago egon da kolpez eta, ondorioz, partidaren agintea izan dute zortzinako berdinketaren ondoren. Altunak jokatzeko zegoela erakutsi du eta tanto bikainak lortu ditu aipatutako 18-21ekoa jarri arte.

Azkenean, ordea, beharrak tanto bakoitza azkeneraino borrokatzera eraman ditu Elezkano eta Rezusta eta fede horrek garaipena eman die.