naiz

Amiantoren ondorioz hildako lankideak omendu dituzte Beasain eta Irunen

Beasain eta Irungo CAFen zentroetan protesta egin dute gaur langileek, urtea hasi denetik lau langile hil dira-eta amiantoaren ondorioz. Langile bati amiantoarekin lotutako gaixotasunen bat detektatzen dioten unetik, hori gaixotasun profesionaltzat hartzea aldarrikatu dute eta kalte‐ordaina emateko.

Amiantoak eragindako kalteak salatu dituzte Beasain eta Irunen. (LAB)
Amiantoak eragindako kalteak salatu dituzte Beasain eta Irunen. (LAB)

«Gaur amiantoaren eskulturaren ondoan elkartu gara gure lankideak izan ziren Miguel Maria Arrese, Santos Cotelo Puente, Tomas Nazabal Mimendia eta Tomas Alcalde Garciari omenaldia egin asmoz. Urtea asi zenetik, 4 lankide hil zaizkigu amiantoarekin lan egin izanaren
ondorioz, eta beste horrenbesteri gaixotasuna detektatu diete», adierazi LAB sindikatuak ohar baten diez. Jada 35 lankide dira amiantoaren ondorioz CAFen hildako langileak.

Aurten, oraingoz, Hego Euskal Herriko 14 langile hil dira substantzia horren ondorioz; 2017an, 22 izan ziren hildakoak. Urtebete lehenago, beste 29 heriotza gertatu ziren. 1993tik 2018ra arte, arrazoi hori dela-eta 1505 pertsona hil dira. «Icebergaren punta baino ez dira, eta ondo dakite hori», gehitu dute.

Administrazio publikoek, enpresaburuek eta mutualitateek «benetako inpaktua ezkutatu» egiten dutela salatu dute. «Pertsonen osasuna eta segurtasuna interes ekonomikoen aurretik jartzea lortzeko neurri egokiak abian jarri gabe jarraitzen dugu 2018an», salatu dute. Amiantoaren aferaren aurrean, agintariei «beste alde batera begiratzea» leporatu diete, «gutxi batzuen interesak defendatuz».

CAFen ere lanean eta zuzendaritzari eta erakunde publikoei neurriak eskatzen «urteak» daramatzatela adierazi dute. «Horregatik guztiagatik, eta sindikatuok egindako lanari esker, gaur egun, identifikatuta ditugu produktu horrekin kontaktuan egon ziren postuak, urteak, eskariak eta langileak. Gaur egun, lanpostuan amiantoarekin kontaktuan 550 lankide egon ahal izan direla aitortu du CAFek».

Honen aurrean «eragina jasan dutenek eta haien senideek epaiketa eta izapidetzelan amaigabeak egin behar izaten dituztela» nabarmendu dute. Eta langile bati amiantoarekin lotutako gaixotasunen bat detektatzen dioten unetik, hori gaixotasun profesionaltzat hartzea aldarrikatu dute eta kalte‐ordaina emateko.