Ane URKIRI

25 urtetik beherakoen soldata, batez beste, 895 eurokoa da

Prekaritatea eguneroko hizkuntzan barneratu dugun honetan, gazterian lan baldintza eskasek duten pisuaz jabetzea eta eztabaidatzea dute helburu Ernaik eta LABek. Aldi baterako lanaldiak, kontratu partzialak eta soldata arrakala izan dira gai nagusiak.

Ernai-ren eta LABen arteko lankidetzaren ondotik, Hego Euskal Herriko gazteriaren eta lanaren arteko erlazioaren erradiografia bat aurkeztu dute astean. “Gazteria, lana eta prekaritatea” izenpean, lan baldintzen prekarizazioa gertatzen den testuinguruaren azterketa eta euskal gazteriaren prekaritatearen argazkia osatu dute, «bereziki lan baldintzetan arreta jarriz». Argitu dutenez, Euskal Herriko zazpi lurraldeak kontuan hartzen dituzten azterketen urritasuna tarteko –errealitate instituzional zatitua dela medio– herri osoko ikuspegia duen lan bat egitea zaildu egin zaie: «Txostenak lanerako eta praktikarako tresna bat izan nahi duen heinean, Hego Euskal Herriko errealitatea aztertu dugu nagusiki».

Segidan laburbilduko ditugun datuekin «sistema kapitalista eta neoliberalaren eragina eta esklabizazioa» salatu nahi izan dute, beraien esanetan gazteak populazioko kaltetu handienak direlarik. Soldata txikiak dira, aldi baterako kontratuen igoerarekin loturik, prekaritatearen irudi argiena erakusten duten datuak, 17,6koa den langabezia tasarekin batera. 2013tik 2017ra bitartean 9,1eko jaitsiera izan bazen ere, 2007koaren bikoitza izaten jarraitzen du oraindik. Era berean, enplegu tasaren bilakaera azken urteetan positiboa izan den arren, oraindik duela hamar urteko %67,3kotik urrun dago –ia %15 beherago, alegia–.

Bilakaera hau ulertzeko beharrezkoa da jakitea hamar urteren buruan %27 egin duela behera gazteen populazioak, ekonomikoki aktiboak diren gazteen kopurua %36,8 murriztu dela eta migrazioak zerikusi handia izan duela afera honetan. Datu ofizialek diotenez, 2008. eta 2016. urteen artean 88.343 gaztek egin zuten alde Euskal Herritik, eta 25 eta 34 urte bitarte zeukaten %70ek.

Baina langabezia tasaz harago, badira beste aldagai batzuk gazteen bizimodu prekarioa areagotzen dutenak. Izan ere, enplegua edukitzea ez da bizi kalitate duinaren sinonimo. Kontratu motez ari gara, alajaina. 2017ko lehen hilabeteei dagokienez, EAEn 16 eta 29 urte bitarteko biztanleria aktiboaren %40,7k urtebetetik beherako iraupena zuen kontratua izan zuen, eta horiei batu behar zaie zehatz-mehatz jakin ez baina hilabete bat baino gehiagoko %34,9 kontratu. Nafarroari dagokionez, adin tarte berean, %31,6 ziren lau hilabetetik urtebeterako kontratua sinatu zuten gazteak, eta %30,6k ez zekiten iraupena zenbatekoa izango zen –hilabete baino gehiago izango zela soilik–. Are gehiago, Nafarroako 25 urtetik beherakoen %65,7k izan zuten aldi baterako kontratua iazko urtean.

Aldi baterako kontratuak ez ezik, asko dira lanaldi partzialak sinatzen dituzten gazteak. Nafarroan 25 urtetik beherakoen artean %34,3 dira (Nastat-en arabera) eta EAEn 16 eta 29 urte bitartekoen %30,7 ziren 2015ean; hau da 2007. urtean baino 22 puntu portzentual gehiago. «Adin tartea zabaldu ahala beherakada egiten du tasa honek, izan ere, gazteagoen artean ohikoagoak dira lanaldi partzialak, sarri ikasketekin uztartzeko helburuarekin».

Bada, Ernairen eta LABen txostenean ondorioztatu da horietariko asko «gogoz kontra» aritzen direla lanaldi partzialetan. EAEren kasuan, esaterako, 2015ean lanaldi partzialean aurkitzen ziren gazteen %62,6 lanaldi osoko enplegurik aurkitzen ez zutelako zeuden egoera horretan, %3,8 familia betebeharrek bultzatuta (emakumeen kasuan %5,1 eta gizonezkoetan, %1,3) eta %3,1 enpresek ezarritako ordu murrizketa edo enplegu erregulazioko espedienteren baten aplikazioagatik.

Soldatak eta arrakala

Adinean gorantz goazela aldi baterako kontratuak murrizten joaten diren legez, soldaten urteko batez bestekoak ere gora egiten du. Lotuta egon daitezkeen aldagaiak dira, izan ere, aldi baterako lanaldietan zein partzialetan izaten dira diru sarrera txikienak. Eta lansariak kapitulu berezia merezi du, soldata arrakalengatik eta beheranzko joera nagusitzeagatik. Nafarroan 2008 eta 2015 bitartean urteko hazkunde nominala batez beste %6,5ekoa izan zen; kontrara, gazteen soldatak behera egin zuen: %12,7 25 urte baino gutxiagokoenak, eta %7,9 34 urte bitartekoenak.

EAEren kasuan are larriagoa da 25 urtetik beherakoen soldatak nola egin duen behera aipatu zazpi urteko tarte horretan. %21 murritzagoa izan zen 2015eko soldata, orokorrak %7,9 egin zuenean gora. Bestalde, baikorrak izateko datu bat izan daiteke 25 eta 34 urte bitartekoen soldatak %0,9 hazi izana.

Bigarren orrialdean agertzen diren laugarren eta bosgarren grafikoetan irudikatzen den bezala, baina, diferentzia ageria nabari da 25 urte baino gutxiago duten gazteen urteko soldata eta 25 eta 34 urte bitartekoen artean. Zeresanik ez, helduen kasuei erreparatzen badiegu.

Ezagutzen diren azken datuak 2015ekoak dira eta orduan Hego Euskal Herrian batez besteko soldata gordina 26.965 eurokoa izan zen, hau da, 1.926 euro 14 pagatan. Gazteen kasua, aldiz, oso bestelakoa dela salatzen da aipatu txostenean. Salatu bakarrik ez, argudiatzeko datuak plazaratu baitituzte. Larritzat jotzen dute, esaterako, hegoaldeko 25 urtetik beherako gazteen batez besteko soldata gordina 14 pagatan 895 eurokoa izatea; hau da, «orokorra baino %53,5 txikiagoa.

25 eta 34 urte bitarteko gazteak, aldiz, gertuago daude Hego Euskal Herriko egoera orokorretik. %18,5 txikiagoa da beraien batez besteko soldata, hau da, ia 5.000 euro gutxiago urtean eta 400 euro inguru murritzagoa 14 pagatan, 1.570 euroan kokatuz adin tarte horretako batez bestekoa.

Adinen artekoa ez da existitzen den arrakala bakarra, ordea. Aurtengo Martxoaren 8ko aldarrikapen nagusia ez da ezezaguna gazteen artean. Soldata arrakalak nabaria izaten jarraitzen du emakume eta gizon gazteen kasuan ere. 25 eta 34 urte bitarteko adin tartea bakarrik aipatzen dute, gazteagoen datuak ezin izan baitituzte batu. Gauzak horrela, EAEn mutilek neskek baino %24 gehiago irabazi zuten 2015ean; eta Nafarroan, %29koa izan zen aldea.

Luxuzko eskubideak

«Soldatak, gure lan indarren truke ematen diguten diru kantitateaz harago, harreman sozialen nolakotasuna determinatzen du», ondorioztatu dute dokumentuaren egileek. Eta, era berean, eskubideak izan beharko liratekeen aukerak luxuzko eskubide bilakatu izanarekin kexu dira. Hala nola, hezkuntza eta emantzipazioa. Baita ezarritako pobreziaren mugetatik urruntzea ere. Prekaritateak zuzenean baldintzatzen ditu gazteen diru sarrerak, eta hauek, gaur-gaurkoz, bizi proiektua eraikitzerako garaian asko eragin dezaketela iritzi diote.

Esaterako, 2016an pobrezia erlatiboaren muga 964 euroan zegoen EAEn eta 917 euroan, Nafarroan. Kontuan izanik Hegoaldeko 25 urtetik beheragoko gazteen hileko batez besteko soldata 895 izan zela, Ernaik eta LABek ateratako ondorioa izan da horietariko asko ezarritako mugetatik behera aurkitzen zirela.

Dena den, etxebizitza gazteentzako luxu bat dela argudiatuz gero, ondorioztatu dezakegu 25 urte baino gutxiago duten horiek oraindik gurasoen menpe bizi direla eta gastuak ez direla hain nabarmenak. Baina guztia irtenbiderik gabeko bihurgune bat bilakatu denez –diru sarrera eskasekin zailagoa da emantzipatzea, beraz derrigortuta senti daitezke gurasoekin bizitzera– etxebizitza publikoen afera jorratzen dute Ernaik eta LABek. Zehatzago esanda, erregimen libreko etxebizitza eskuratzeak gazteen soldata garbiaren zer portzentaje hartzen duen kalkulatu dute. Alokatzeak esaterako, 16 eta 29 urte bitarteko gazteei, soldataren %78,2 hartzen die EAEn eta %62,6 Nafarroan.

Kapitalismoaren antzuak, dena den, hezkuntza sistematik errotzen hasten direla ohartarazi nahi izan dute eztabaidagai bihurtu nahi duten txosten honetan. Datuak zaharkituak izan arren, eboluzioaren berri eman nahi izan zuten. 2007tik 2013ra bitartean goi mailako ikasketak zituzten enplegudunen tasa nahiko egonkor egon baitzen eta bigarren mailako zein lehen mailako ikasketak zituzten enplegudunak, aldiz, 8 eta 26 puntu jaitsi ziren, hurrenez hurren. Konklusio orokor gisa adierazi dute, beraz, unibertsitate edo goi mailako heziketa zikloko titulua dutenentzat samurragoa dela lan merkaturako sarbidea, 2011tik 2013ra goi mailakoen artean ere jaitsiera txiki bat egon zen arren.

Hori dela eta, aukera hobeak dituztela argudiatuz, hezkuntzak lehiakortasuna sustatzea kritikatzen du: «Hezkuntzaren merkantilizazio prozesu baten erdian, langile klasea eta herri sektore pobretuenak baztertuko gaitu».

Prekaritatearen aurka borrokan aritzeko jarraibide eta aldarrikapenak

«Prekaritatea gure bizi proiektuen ezaugarri bezala naturalizatu eta kronifikatu nahi dute, prekaritatea inposatu nahi digute», salatu zuten Ernaik eta LABek ondorioen atalean. Horregatik, hain zuzen, lan baldintza duinengatik borrokatzera deitu nahi dituzte gazte guztiak, kontziente izan daitezen gaurko borrokak etorkizuneko jendarte ereduan eragin handia izan dezakeela.

Ideia indibidualisten pean eta soldatapeko lanaren bueltan bizitzera bultzatzea helburu duen gizartean, «etorkizun ‘hobe’ bat izateko espektatibak eraikiz», erroko aldaketa bat beharrezkotzat jotzen dute «kapitalismoa suntsitzeko eta Euskal Estatu sozialista eta feminista eraikitzeko», txostenaren egileek aldarrikatu zutenez.

Hala, antolakuntza kolektiboa eta estrategia eraginkorrak diseinatzea behar du izan aurreneko pausoa, plano ezberdinetan jardutea ezinbestekoa izanik. Hiru jarraibide zerrendatzen dituzte eta oro har ezaugarri bat nagusitzen da: gazteen arteko elkartasuna elk

arlaguntza sareak ehuntzeko asmotan.

Prekaritatea zehatz-mehatz aztertzeko, esaterako, auzo eta herrietako gazteon lan baldintzen argazkia osatzea beharrezkoa da. Beraz, tokian tokiko asanbladen bitartez prekaritateaz hitz egitera bultzatu nahi dituzte gazteak Ernaik eta LABek, «prekaritatearen aurkako mugimendu bat pizteko ezinbestekoa baita». Lan baldintza kezkagarriez jabetzean, beraz, mobilizazioak bultzatu behar dira; hau da, prekaritatearen milaka aurpegiak plazara atera eta kolektibizatzea. Azkenik, babes sareen sorreraz mintzo dira, arazo kolektiboei erantzun kolektiboak emateko.

Zehazte aldera, aldiz, lan duin baten defentsan hainbat aldarrikapen zehaztu zituzten: astean 35 orduko lanaldia eskatzen dute, lanaldi partzial inposatuen ezabatzea aldarrikatzen dute, aldi baterako kontratazioei muga jartzea, gutxieneko soldata 1.200 euroan ezartzea, diskriminazioa deuseztatzea, eta abar.

Bestalde, prekaritatearekin lotura

estua duten gaietan ere badituzte beraien borroka indartzeko eskakizunak: aitortzarik gabe lan egiten duten gazteen eskubideak bermatzea, enplegu publikoaren planak epe luzerako izatea, praktikaldi prekarioak bukatzea eta

behartutako emigrazioak geldiaraztea, besteak beste. A.U.A.