NAIZ
BILBO

EAJ eta PPren arteko akordioa «gutxiegi» dela salatu dute pentsiodunek

Azken astelehenetan egin duten bezala, gaur ere pentsiodunak kalera atera dira hiriburuetan eta beste hainbat tokitan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitzeko. EAJk eta Gobernu espainolak joan zen astean itxitako akordioa «gutxiegi» dela nabarmendu dute eta pentsioak alderdien arteko aurrekontuen negoziazioaren esku uztea kritikatu dute.

Pentsiodunak euriari aurre eginez, Bilboko Udaletxearen aurrean. (@ehbildubilbo)
Pentsiodunak euriari aurre eginez, Bilboko Udaletxearen aurrean. (@ehbildubilbo)

Milaka pentsiondun atera dira gaur kalera Bilbon, astelehenero bezala, eta datozen asteetan ere «borrokan jarraitzeko» eta mobilizazioei eusteko deia egin dute. Gainera, hilaren 5 eta 26rako antolatu diren manifestazioekin kaleak betetzeko eskatu dute, EAJk eta Gobernu espainolak joan zen astean pentsioen inguruan itxi zuten akordia –%1,6ko igoera 2018an eta 2019an– «gutxiegi» dela iritzita.

Bilboko Udaletxe aurrean elkartu dira Bizkaiko erretiratuak, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko. Irakurri duten adierazpenean nabarmendu dutenez, pentsioak «ez dira alderdien arteko borrokan trukerako txanpona; pentsioa izateko eskubidea ez da negoziatzen, egikaritu baizik». Horrekin batera, pentsioen auzia politikarien agendan kokatu dutenak erretiratuek egin dituzte mobilizazioak izan direla adierazi dute.

Kritikatu dutenez, EAJ-PP akordioak ez du bermatzen pentsioak KPIren arabera igotzea 2019 urtearen ondoren; itunak ez die eragiten diru-sarrerak bermatzeko errentarekin osatzen diren pentsioei eta iraunkortasun faktorea ez du kentzen, 2023ra atzeratu baizik.

Donostian Alderdi Ederreko lorategietan egin duten kontzentrazioan ere gaitzetsi egin dute Gobernu espainolaren eta jeltzaleen akordioa eta pentsiodunen mobilizazioak «haustea» helburu duela adierazi dute. Pentsioentzat «dirua badagoela» ere erakusten du akordioak, haien ustez.