Jon Ormazabal

Altuna izango da Aimar Olaizolaren aurkaria Buruz Buruko finalean (17-22)

Behar zenean sufrituz eta sakeari etekin handia aterata, amezketarra gailendu zaio Joseba Ezkurdiari buelta askoko partida baten ostean.

Altuna, pozik garaipena eskuratu ostean. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Altuna, pozik garaipena eskuratu ostean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Aimar Olaizolak eta Jokin Altunak jokatuko dute, hilaren 27an, Buruz Buruko finala, finalerdietako bigarren partidan amezketarrak Joseba Ezkurdiari 17-22 irabazi ostean. Goizuetarrarena hamargarren finala izango den bitartean, gipuzkoarrak bere ibilbideko lehena jokatuko du 22 urterekin.

Lehia gogorra eta borrokatua izan bada ere, Bizkaia pilotalekuko neurketak hiru zati oso desberdin izan ditu. Lehenengoan Jokin Altuna aise nagusitu da, perfekziora gerturatuz, sakearekin min eginaz eta errematean asmatuz; 3-8 eta 6-13 aurreratu da. Ezkurdiak, presaka edo, ez zuen pilota atzeratzen asmatzen eta partida bere gogoko lekura ekarrita, erraz aritu da aurrelari amezketarra.

Hortik aurrera, ordea, gidoia asko aldatu da. Ezkurdiak bere jokoa ateratzeko modua izan du, Altuna frontisetik urrun mantentzen asmatu du pilotari altura emanaz eta markagailuan gerturatzen joan da, 13-15. Fisikoki ere, arbizuarrak askoz osoago ematen zuen eta sakez partida hamabosna berdindu ostean, 17-15 aurreratzea ere lortu du.

Hala ere, partidako jokaldirik erabakigarrienean kale nabarmen bat egin du, aukera aukerako pilota batean jotako bi paretakoa kanpora botaz. Tantoa egina zuen, ez du asmatu eta Altunari sakea ematea bere azkena izan da.

Aurrelari urdinak ez du barkatzen, hiru tanto egin dizkio jarraian lehendabiziko pilotakadarekin, arnasa berreskuratu du eta ez da geratu finalerako txartela eskuratu arte.