NAIZ
ZIERBENA

San Juan, Orio, Hondarribia eta Arraun Lagunak izango dira Euskotren Ligako protagonistak

San Juan, Orio, Hondarribia eta Arraun Lagunak arituko dira 2018ko Euskotren Ligan, Zierbenako uretan lehiatutako Petronor banderan erabakitakoaren arabera. Datorren asteburuan hasiko da lehia, Galiziako uretan.

San Juango arraunlariak, banderarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)
San Juango arraunlariak, banderarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Datorren asteburuan hasiko da Euskotren Liga, eta igande honetan ezagutu dira berau lehiatuko duten lau ontziak: San Juan, Orio, Hondarribia eta Arraun Lagunak.

Zierbenako uretan lehiatutako Petronor banderak zehaztu ditu denboraldi honetan Euskotren Ligan lehiatuko diren taldeak. San Juan izan da azkarrena, aipatu bandera Pasaiara eraman duena.

Zortzi segundoko aldea atera dio Oriori, hamabostekoa Arraun Lagunaki eta hamaseikoa Hondarribiari. Ondoren sartu dira Hibaika, Deustu, Donostiarra, Cabo, Kaiku, Tolosaldea, Hernani eta Lea Artibai, hurrenez hurren.

Datorren astean hasiko da Euskotren Liga, Galiziako uretan; bertan jokatuko dira lehen bi jardunaldiak.

Egungo txapelduna da San Juan, eta beraiek izan ziren atzo ere Sestaoko bandera etxeratzea lortu zutenak. Gaur bezala, Orio izan zen bigarren, Hondarribia hirugarren eta Arraun Lagunak laugarren.

Bi jardunaldi ezberdinetan lau lehenen artean sailkatuta, esan daiteke merezimendu osoz irabazi dutela lau ontziek Euskotren Ligan lehiatzeko txartela.