GARA
BASAURI

LAB: «Sexu jazarpena salatu duen langile bat kaleratu dute Berriztun»

Berriztu enpresako langile batek beste bat salatu zuen sexu jazarpenagatik eta, LABek jakinarazi zuenez, handik denbora batera salaketa egin zuen langilea kaleratu zuten. Bizkaiko Aldundiarentzat lan egiten duen enpresa denez, honek erantzukizuna duela gogorarazi zuten.

LABek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Berriztu enpresaren aurrean, lanpostuan eraso sexistarik ez dutela onartuko adierazteko eta, Bizkaiko Aldundiarentzat lan egiten duen enpresa den aldetik, «kontu honetan instituzioak berak duen erantzukizuna agerian uzteko».

Sindikatuak azaldu zuenez, duela hilabete batzuk Berriztu enpresako adin txikiko zentro bateko langile batek lantoki bereko lankide batek sexu jazarpena egiten ziola jakinarazi zion enpresari.

Enpresak hori jakin ostean izan duen jarrera gaitzetsi zuten atzoko elkarretaratzearekin; izan ere, LABen esanetan, zuzendaritzak bere erantzukizunari «muzin egin» eta egoera ezkutatu zuen.

Zuzendaritzak inolako pausorik ematen ez zuela ikusita, hilabete geroago langileak baja hartu behar izan zuen baldintza horietan lan egiteak tentsio egoera zekarkiolako. Hala zehaztu zuen sindikatuak, eta azkenean, egoera kudeatzeko batzorde bat eratu zuen enpresak: «Abian jarritako batzordea ez zen tresna eraginkorra izan, ez ziolako bere eginkizunen berri eman langileari eta ez zuelako langilearen errelatoa kontuan hartu».

Nahiz eta batzordeak ez zuen jazarpen zantzurik ikusi, lan zentroz aldatu zuten salatutako langilea eta, sindikatuaren esanetan, kontraesanezko erabakia da hori.

Kaleratzea

Kaleratzea handik aste batzuetara gertatu zen, jazarpena jasan zuen langilea lanera itzuli zenean. LABek azaldutakoaren arabera, adin txikikoen zentroan bere segurtasuna eta lankidearena arriskuan jarri zuen egoera batetik ateratzeko poliziari deitu zion. Enpresak, ordea, zigortu eta kaleratu egin zuen; «jazarpen egoera konpondu beharrean, egoera larria aitzakiatzat hartu zuen kaleratzeko».