NAIZ
DONOSTIA

Usurbilen gertatutako eraso sexista salatzeko elkarretaratzea egin dute

«Indarkeria sexistarik ez!» lemapean elkarretaratzea egin dute Usurbilgo bizilagunek abuztuaren 14an herrian jazo zen erasoari gaitzespena adierazteko.

Herrian gertatutako eraso sexista salatzeko elkarretaratzea egin dute Usurbilgo Mikel Laboa plazan. (Jon URBE/FOKU)
Herrian gertatutako eraso sexista salatzeko elkarretaratzea egin dute Usurbilgo Mikel Laboa plazan. (Jon URBE/FOKU)

Usurbilgo herritarrek elkarretaratzea egin dute Mikel Laboa plazan, abuztuaren 14an herrian gertatu zen eraso sexista gaitzesteko. 

«Indarkeria sexistarik ez!» lemapean egin dute protesta. 

Udalak ohar bidez jakinarazi zuenez, hilaren 14an gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Usurbilen, bikotekideari eraso egitea leporatuta, eta epaileak urruntze-agindua ezarri dio atxilotuari.

Gaur kaleratutako erakunde-adierazpen batean, erasoa salatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta «elkartasuna eta babesa» adierazi dizkiete emakumeari eta haren senide eta lagunei.

«Emakumeen eta beren familia-ingurunearen aurkako indarkeriaren agerpen guztiak» gaitzesteaz gain, nabarmendu dute indarkeria matxista «lehen mailako arazotzat» jotzen dutela, «emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun bideganeen agerpenik larriena» eta «berauen arteko botere-harremanetan» jatorria duena, «emakumeak mendean mantentzeko helburua duelarik».

Erasoa jaso duen emakumeari «beharrezko laguntza, baliabide, zerbitzu eta babesa emateko eskumena eta zeregina duten erakunde eta elkarteei» neurriak hartzeko eskera egiteaz gain, Batzar Nagusiak herritarrei zuzendu zaizkie, berdintasunaren aldeko «konpromiso pertsonal eta kolektiboak» har ditzaten.

«Gipuzkoako Batzar Nagusiek konpromisoa hartzen dute erakunde gisa, berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako edozein erasori aurre egiteko lanari eusteko eta gainerako erakundeei eskatzen diete lidergoa har dezaten indarkeria matxistarik gabeko Gipuzkoa eraikitzeko eginkizunean, lan horri eusteko konpromisoak hartuz, bakoitzak bere esparruan», gaineratu dute.