GARA
BILBO

Bidezko ekonomiaren alde egiteko eskatu diote NBEri

Ekonomia Sozialaren Munduko Foroaren egoitza izan da Bilbo hiru egunez, eta eredu justu, inklusibo eta iraunkorrarekin ekonomia hazi egin daitekeela nabarmendu zuten azken adierazpenean.

Ekonomia Sozialaren Munduko Foroaren itxiera ekitaldia izan zen atzo Bilbon. Hiru egunez 80 herrialdetako 1.700 ordezkarik parte hartu dute Global Social Economy Forum elkarteak antolaturiko jardunaldietan. Lehen egunean foroaren aurka protestatu zuten zenbait herritarrek.

Ekonomia sozial eta solidarioa ardatz duen topaketa honetan bost osoko bilkura eta hogeita hamar bat tailer izan dira, eta amaieran parte-hartzaileek “Bilboko Adierazpena” irakurri dute. Bertan nabarmendu zuten posible dela ekonomiaren hazkundea gertatzea ekonomia justu, inklusibo eta iraunkorraren bitartez eta horregatik Nazio Batuen Erakundeari honen aldeko jarrera erakusteko exijitu zioten.

«Ekonomiaren garapena pertsona eta planetaren zerbitzura egon behar da, demokrazia, justizia sozial, solidaritate, dibertsitate eta bakearen printzipioetan oinarrituta», irakurri zuten. Balio hauek dituzten enpresek gizartean duten inpaktuaren araberako lehiakortasuna izaten dutela gaineratu zuten, «gizalegezko enplegua» sortzearekin batera.

Lan duinaren garrantziaz mintzatu ziren, hain zuzen ere, foroan parte hartu zuten gazteak. Ekonomiaren garapenerako erreminta indartsutzat jotzen dute enplegu egokia eta, bide batez, topaketan gazte gehiagoren presentzia eskatu zuten.

Europan aurreneko aldiz egin da bilkura hau eta bi urte barru Mexiko Hiriak hartuko dio lekukoa Bilbori.