NAIZ

Europar gizartearen erronkak aztertzeko topaketak

Bilbao European Encounters izeneko topaketen bosgarren edizioa hasiko da asteartean, urriaren 9an, Azkuna Zentroan. Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak Bilboko Udalaren lankidetzarekin antolatu duen hitzaldi zikloaren helburua da Europako gizarteak aurrez aurre dituen erronka nagusiak aztertzea.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, jardunaldiek urriaren 30ean eta azaroaren 27an izango dute jarraipena, arratsaldeko 19.00etatik 21.00etarako ordutegian. Europako integrazioak dituen erronka nagusien azterketa nazioarteko adituen ikuspegiaren eta euskal ikuspegiaren bitartez egin nahi da.

Hizlarien artean egongo dira Michael Keating azpiestatuetako nazioak partekatutako subiranotasunaren testuinguruetan bat etortzeari buruzko aditua, Joan Subirats gobernantza, kudeaketa publiko eta politika publikoei lotutako gaietan espezialista eta Gabriela Jacomela European University Institute-ko ikertzailea, besteak beste.

«Demokrazia berriz pentsatzen Europa zatikatu batean» izenburupean, herritarren interesei eta kontinenteko estaturik txikienen aldarrikapenen bide demokratikoari buruzko errealitateei lotutako Europa berria jorratzeko premiaren ingurukoa izango da astearte honetako jardunaldia. Michael Keating politologoa eta Eskoziako Aberdeen hiriko Unibertsitateko Politika Zientzietan katedraduna, Jule Goikoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea eta ikertzailea eta Ignacio Sánchez-Cuenca Madrilgo Carlos III. Unibertsitateko Politika Zientziako irakaslea arituko dira Europari buruz dituzten ideiak eta bizipenak azaltzen.

Urriren 30eko saioan, «Hirien Europa berria» izenburupean, EHUko Filosofia Politiko eta Sozialeko katedradun eta Globernance Institutuko zuzendari Daniel Innerarity izango da moderatzailea. Bertan, duela bi hamarkada beste esfera batzuetakoak ziren hiriek beren gain hartutako rol ekonomiko, sozial eta politikoei eta datozen urteetan landu beharko dituzten zereginei buruz eztabaidatuko dute. Gaiaren gainean duten iritzia azalduko dute Joan Subirats Politika Zientzian katedradunak, Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazioko zuzendari nagusiak eta Santiago Eraso arte, kultura eta sormenaren ikertzaileak.

Albiste faltsuak

Azkenik, azaroaren 27an, albiste faltsuei buruz arituko dira. «Fake news, Europa mehatxatuta al dago?» itzulezina dirudien eta errealitatea hautemateko moduari eragiten dion fenomenoaren gaineko ezagutza eta esperientzia partekatuko dituzte Inma Aguilar komunikazio politikako aholkulari eta kazetariak, Gabriela Jacomela European University Institute-ko ikertzaileak eta Dani Alvarez Radio Euskadi Boulevard saioko aurkezleak.