NAIZ

«Bidaia» bat egingo du denboran Su Ta Garrek taldearen 30. urteurreneko kontzertu biran

Azaroa eta abendua bitartean, taldearen 30. urteurreneko kontzertu bira eskainiko du Su Ta Garrek. Euskal Herriko areto garrantzitsuenetan jotzeaz gain, nazioarteko hainbat eskenatoki ere zapalduko ditu taldeak.

Su Ta Garreko taldekideak, kontzertu biraren aurkezpenean. (@HamaikaTb)
Su Ta Garreko taldekideak, kontzertu biraren aurkezpenean. (@HamaikaTb)

Datorren abuztuaren 14an 30 urte beteko dira Su Ta Garrek bere lehen kontzertua eskaini zuenetik. Eta, nola ez, urtemuga «berezi» hori bira batekin ospatuko du taldeak.

Euskal Herriko areto garrantzitsuenetatik igaroko da bira, baina zapalduko du taldeak nazioarteko eskenatokirik ere. Esaterako, Madril, Bartzelona eta Berlin bezalako hiriburuetan joko du Su Ta Garrek bere 30. urteurreneko biran. 

Azaroa eta abendua bitartean izango dira kontzertuak; Bilboko Santana 27 aretokoa izango da azken emanaldia, abenduaren 28an. 

Taldeak agerraldi batean aurreratu duenez, ez dute 30 urteotako ibilbidearen berrikuspen soil bat egingo: «Aldiz, denboran bidaia bat izatea nahi dugu; 30 urte atzera egitea. Baina ez ikuspuntu nostalgiko batetik, gaur egungo ikuspuntutik baizik. Gure sorrera gogoratu, berbizi eta, ahal den heinean, garai hura bizi ez zutenengan transmisio lana egitea nahiko genuke».

Ikuskizunari berari dagokionez, Maketa (1987-89) eta lehen diska (Jaiotze Basatia) osorik eta bigarren diskako (Hortzak Estuturik) kanta batzuk joko dituzte eta, bestetik, garai hartako eta lehenago inoiz argitaratu gabeko –eta inon ikusi ezin daitezkeen– bideo zein argazki sorta bat erakutsiko dute.

Su Ta Gar taldeak 1.000 kontzertutik gora eman ditu 30 urte hauetan.