
Euskal Herri osoko 19 eskultore biltzea lortu du Azken Muga elkarteak. Artista horiek elkarren artean oso desberdinak badira ere, guztiek amankomunean dituzten ezaugarriak egon badaude. Belaunaldi berekoak dira, alegia, 45 urte inguru dituzte guztiek. Gainera, ibilbide luzea pilatu dute eskulturaren munduan, 20 eta 30 urte bitartekoa.
“Gaurko eta hemengo eskultoreak” erakusketa abenduaren 7ra arte ikusi ahalko da Tolosako Aranburu jauregian. Bertan parte hartzen duten artistak hauek dira: Efren, Iñigo Manterola, Eskerri, Pablo Juarros, Virginia Sargal, Koko Rico, Victor Arrizabalaga, Alex Morlotez, Helena Santano, Paul Montague, Gilles Plantade, Regis Pochelu, Marijose Recalde, Imanol Andonegi, Christiane Giraud, Guillermo Olmo, Corne Nuham, German de los Rios eta Gotzon Huegun.
Azken biek aurkeztu zuten erakusketa asteazkenean, Tolosako kultur zinegotzia den Nuria Carbonellekin batera. Tolosako Udalarentzat, honelako ekimen batek «aberastu egiten du herriaren ohiko kultur eskaintza, gainera, aukera gehiegi izaten ez den alor batean: eskultura. Balio handiko bilduma da Aranburu jauregian ikusgai egongo dena». Zentzu horretan, artistek egindako esfortzua eta lana eskertu zuen Carbonellek.
Elkarlanean aritzeko gertu
Gotzon Huegunek, bere aldetik, aipatu zuen Euskal Herrian eskulturaren presentzia sustatzeko asmoz sortu zela Azken Muga elkartea. Tolosako erakusketan 19 eskultore elkartu badituzte ere, elkartean belaunaldi bereko artista gehiago ere biltzen dira. Hori dela eta, aurrerantzean antolatu nahi dituzten erakusketak –Baiona, Iruñea eta Bizkaiko udalerriren batean– baliteke desberdinak izatea, hau da, artista gutxiago edo gehiagok parte hartzea posible da.
Tolosako kasuan, eskultore batzuek lan bat jarri dute ikusgai, beste batzuek bi eta badira hiru jarri dituztenak ere. Aranburu jauregiaren kanpoan dago lehen eskultura, Alex Morlotezena, 5 metro neurtzen dituena. Jauregiaren barruan, berriz, askotariko gaiak lantzen dituzten lanak daude: mitologia, geometria, esperimentazioa... Erabilitako materialak ere bat baino gehiago dira (egurra, harria, burdina eta buztina).
Olmok azaldu zuenez, hiru urte dira elkartea sortu zutela, eta Tolosakoa da egiten duten lehendabiziko erakusketa. Hori bai, aurretik bestelako ekimenak egin dituzte. Adibidez, naturan lanak jarri izan dituzte, edo kalean behin-behineko eskultura monumental gisa.
Euskal Herrian eskultoreen artean «lehia handia» omen dago, eta, horregatik, bakoitzak bere aldetik egiten du lan. Hori ikusita, guztien artean elkarlanean aritzeko ordua zela erabaki eta, «eskulturaren alde», Azken Muga sortu zuten hainbat eskultorek. «Euskal Herrian izan dira eskultore famatu batzuk. Baina badago bere presentzia aldarrikatu nahi duen belaunaldi oso bat ere. Oteizaren bilobak izan gaitezke. Eskultura marjinaletik atera nahi dugu», aipatu zuen Huegunek, garai batean Gero Taldea osatu zuten bezala, orain beraiek ere antolatzea erabaki dutela adieraziz.
Omenaldia Elosegiri
“Gaurko eta hemengo eskultoreak” erakusketa ostiralean zabaldu zuten, Antxon Elosegi kulturzaleari omenaldi sentitu bat eginez. «Urte askotan zehar saiakera ugari egin ditu eskultura sustatzeko, Oteiza eta Chillidaren osteko eskultura ere aintzat hartuta. Tolosak Euskal Herriko zirkuiturik indartsuenetakoa dauka berari esker, eta uste dugu bere lana txalotzeko garaia iritsi dela», nabarmendu zuen Guillermo Olmok.
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»
