GARA
DONOSTIA

Migrazio politiken aldaketa eskatu dute Irun eta Hendaia arteko mugan

Irungo Harrera Sareak eta Ipar Euskal Herriko Etorkinekin elkarteak mobilizazioak egin zituzten atzo Santiago Zubian eta Hendaiako Erretentzio Zentroaren aurrean, beste migrazio politika baten alde.

Migratzaileen Nazioarteko Eguna da gaur eta, hain zuzen, erakundeek aurrera daramatzaten migrazio politikak salatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo Irunen eta Hendaian. Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egin zuen Gipuzkoako udalerria eta Hendaia batzen dituen Santiago Zubian. Ipar Euskal Herriko Etorkinekin elkarteak, aldiz, Hendaiko Errententzio Zentroaren aurrera eraman zuen protesta. Egiturazkoa den migrazio fenomenoaren aurrean Euskal Herriko erakundeek indarrean jarritako politikak salatu zituzten, baita «pertsona guztientzako eskubide guztiak» aldarrikatu ere.

Protesta Hendaiako Erretentzio Zentrora eramanez bertara eramaten dituzten migratzaileek bizi dituzten baldintza gogorren inguruan ohartarazi nahi izan zuten. «Zentro hau kartzela bat da migratzaileentzat. Bertan, egoera irregularrean dauden migranteak giltzapetzen dituzte beren jatorrizko herrialdeetara bidali arte», aipatu zuten. Horrekin batera, frantziar zein espainiar estatuek eta Europar Batasuneko gobernuek kanpo zein barne mugetan aplikatzen dituzten «kontrol eta politika arrazistak» salatu zituzten.

Migratzaileen etorrera haztearekin politika horiek agerian gelditu direla uste dute. «Poliziaren kontrolek migratzaileen eskubideak urratu eta kolokan jartzen dute Europar Batasunaren barruko mugetan pertsonen zirkulazio askerako Schengen araudia. Horri gehitu zaio erakundeek harrerarako ezarritako neurriak berandu eta askotan modu eskasean jarri dituztela martxan», adierazi zuten. Nabarmendu zutenez, fenomeno horren aurrean herritarren eta gizarte eragileen mobilizazioak lortu du bazterkeria egoerak saihestea.

Migratzaileen Nazioarteko Eguna «milioika migrantek mundu osoko herrialdeen garapenari egiten dioten ekarpen handia aitortzeko asmoz» jaio zela azpimarratu dute. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 175 milioi migratzailek baino gehiago –munduko populazioaren %2 baino gehiago– bizi dira eta lan egiten dute beren herritartasunaz besteko herrialde batean. Kopuru horrek etorkin ekonomikoak, errefuxiatuak, asilo bila dabiltzan pertsonak eta etorkin iraunkorrak barne hartzen ditu.