Bilboko Iberdrola dorrearen aurrean agerraldia egin dute Ernaiko hainbat kidek, «patronalaren sinbolo den» toki horretatik abiatuko baita heldu den otsailaren 16rako antolatu duen mobilizazio nazionala. Prekarietateari «ateak ixtea» eta Euskal Herrian bizi nahi dutela aldarrikatzea izango du xede.
Ernaiko kideek ohartarazi dutenez, gazteria «larrialdi egoeran dago». Enpleguari lotutako «baldintza kaxkarrez harago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan» eta horren ondorioz «emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da».
Egoera hori ez da «trantsitorioa edo koiunturala» Ernairen ustez, eta horregatik prekarietateari «ate guztiak lehenbailehen ixtea» beharrezko jo dute, «berak irentsiko gaitu bestela».
Gazte Biran abiatu zuten harreman sarearen haritik, prekarietartearen aurkako borrokak kolektiboa izan behar duela nabarmendu dute, eta herri eta auzoetako lana «ezinbesteko» jo dute. «Eremu lokaletako problematikak landu, elkarren egoerak elkarbanatu, bide berriak ireki… Eta ateak itxiko dizkiogu gure bizitzak zeharkatzen dituen prekarietateari, baita gure herri zein auzoetan prekarietatea sustatu eta sostengatzen duten erantzule nagusiei».
Otsailaren 16an Bilbora joateko deia egin diete euskal gazteei, «sistemari hortzak ateraz, Euskal Herria eraiitzeko borrokara batzeko».