NAIZ
BILBO

Bihar Aldundiaren aurrean bilduta mobilizazio gehiago hasiko dituzte Navaleko langileek

Sestaoko Naval ontziolako langileek enpresaren itxieraren aurkako mobilizazio gehiago hasiko dituzte bihar, ostegunez, Bilbon, Foru Aldundiaren aurrean egingo duten elkarretaratzearekin.

Navalen itxieraren aurkako manifestazioa, Bilbon . (Monika DEL VALE/FOKU)
Navalen itxieraren aurkako manifestazioa, Bilbon . (Monika DEL VALE/FOKU)

Protesta bilkura goizeko 10.00etatik 11.00etara izango da, Foru Jauregiaren aurrean, Bilbon.

Langile batzordearen esanetan, «azken saiakerak» egin behar dituzte, urtarrilaren 12an amaituko baita iraungipeneko enplegu erregulazio espedientearen kontsultarako aldia, eta, irtenbiderik aurkitzen ez bada, langileak kaleratuko dituzte.

Hilaren 10ean bilera bat izango da Madrilen, Industria Partaidetzen Espainiako Sozietatearen (SEPI, gaztelaniaz) eta UGT eta CCOO sindikatuen artean, eta biharamunean, urtarrilaren 11n, Gobernu espainiarraren, Lakuaren, sindikatuen eta Navaleko langile batzordearen arteko negoziazio mahaiaren hirugarren bilera egingo da.