
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek urtarrilerako deitutako zortzi greba egunen azkena izan zen atzokoa. Sindikatuek balorazio positiboa egin zuten langileen parte-hartzeari dagokionez; ez, ordea, patronalaren jarrerari buruz.
Egun hauetan hainbat mobilizazio antolatu dituzte gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek. Azkenengoa, atzo, Donostian egin zuten. Sindikatuen esanetan, urtarrilaren 16tik 25erako lanuzteek «babes zabala» jaso dute langileen partetik; batez beste, %60-65 inguruk egin dute greba. Nabarmen jaisten ditu kopuruak patronalak. Kristau Eskolaren arabera, %20 ingurukoa izan da jarraipena.
Ikastetxe hauetako langileek hamar urte daramate hitzarmena berritu gabe, eta sindikatuek prentsara igorritako ohar batean adierazi zutenez, «gure eskaerak ezagunak, oso oinarrizkoak eta zilegiak dira». «Greba dinamika honetara iritsi aurretik ahalegin ugari egin ditugu patronalek aldarrikapen hauei erantzun eta akordioa erdiestea posible izateko», azaldu zuten; izan ere, azken grebaldiaren aurretik, azkenengo bi ikasturteetan hamazazpi lanuzte egin dituzte. «Hala ere, patronalek zortzi greba egunen aurretik egindako azken proposamenak gure aldarrikapenetatik oso urrun egoten jarraitzen du, eta gainera zortzi greba egun hauetan ez du inolako eduki gehigarririk planteatu», salatu zuten.
Lakuaren jokabidea ere gaitzetsi zuten sindikatuek: «Eusko Jaurlaritzak, berriz, bere ardura ekiditeko asmoz, greba eskubidea larriki urratzen duten zerbitzu minimoak gehitzera mugatu du bere inplikazioa».
Lakuari zein patronalei dagokien ardura eta erantzukizunak har ditzaten dei egin zieten zentralek, eta hori egingo ez balute, «mobilizazio eta greba dinamikarekin aurrera jarraitu beste biderik ez digute utziko», adierazi zuten.
Gatazka soziala
Aitor Mujika Bidelaguneko (EAEko elizbarrutietako ikastetxeen guraso eta ikasleen federazioa) zuzendariak ohartarazi zuenez, itunpeko ikastetxeetan greba mugagabea egiteko aukera «surrealista» da, eta gaitzetsi zuen igaro diren egun hauetan ez dela «inongo mugimendurik» izan bi aldeen partetik.
Bai sindikatuak eta bai patronalak «endrokatu» egin direla esan zuen, eta horren kalteak 360.000 pertsonak pairatzen dituztela. Mujikaren iritziz, gatazka hau ez da «lan gatazka, soziala baizik», gizartearen %25 inplikatuta dagoelako.
Bestalde, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak berretsi zuenez, bere departamentua patronalekin, sindikatuekin eta familiekin lanean ari bada ere, patronalak eta langileen ordezkariak dira «lan gatazka hau amaitzeko» ardura dutenak.
Nabarmendu zuen azken egunotan alde guztiekin elkarrizketak eta bilerak ugaritu dituztela «denen artean arazoari irteera ematen saiatzeko», baina berretsi du bi aldeak direla «eseri eta hitz egin» behar dutenak, izan ere, «beraiek zehaztu behar dute zein den lan gatazka honetatik ateratzeko akordioa».

Igor Uriarte preso ohi gasteiztarra zendu da

Cuatro detenidos, militares con simbología nazi agredidos y diversos altercados en la final

Ertzaintzaren «bortizkeria eta jazarpen poliziala» salatu dute Donostiako Karmengo jaietan

Los nacionalistas somos todos unos desubicados
