NAIZ
GASTEIZ

Hiru adibide zehatz, emakumeak lan munduan bizi duen jazarpenaren adierazle

Hiru adibide eman ditu gaur LABek, emakumeak lan munduan jasaten duen jazarpenaren adierazle, «ez dira kasu isolatuak», salatu du sindikatuak. Haurdun egoteagatik kaleratutako emakume baten kasua eta bi sexu jazarpenen berri eman du. 

LABen agerraldia gaur goizean Gasteizen. (Endika PORTILLO / FOKU)
LABen agerraldia gaur goizean Gasteizen. (Endika PORTILLO / FOKU)

«Ez dira kasu isolatuak, ez dira lehenak, ezta azkenak ere». LAB sindikatuak emakumeak lan munduan bizi duen egoera orokorrago baten adierazle diren hiru adibide salatu ditu gaur agerraldi bidez, «ez dugu kasu bat bera ere pasatzen utziko!» esanez.

Sindikatuak salatu duen lehen kasua Palacio Elorriaga hotelekoa da. LABen arabera, zazpi urteko lan harremanaren ostean emakume batek bere haurdunaldiaren berri eman eta bi astera kanporatu egin zuten. Epaibidera eraman zuen kaleratutako langileak bere kasua eta epaiketa eginda ebazparenaren zain dira orain.

Beste bi kasuek sexu jazarpenarekin dute zer ikusia. Lehena Arabako Foru Aldundiko azpikontratatu baten langileak pairatu zuen. LABek azaldu duenez «sexu eraso saiakera pairatu zuen emakumezko langile batek» eta salaketa jarri ostean erasoa burutu zuena koakzio delitu arin batengatik zigortu zuten, urruntze agindua ere zarri zioten. Sindikatuak salatu du enpresak ez duela neurririk hartu halakorik berriz gerta ez dadin. Halako egoerak ekiditeko protokolorik ere ez duela enpresa horrek salatu du sindikatuak.

Gaur salatutako hirugarren kasua Transportes Hombres Barreira enpresan eman da. LABek salatu duenez zenbait lankide eta enpresako arduradunen aldetik jazarpena pairatu du emakume batek hilabetetan. Sindikatuak salatu du zuzendaritza «konplize» bilakatu dela ez duelako neurririk hartu «egoerari amaiera ipintzeko, langilea babesteko, erantzukizunak eskatzeko...».

«Ez dira kontatzen, ez dira salatzen, ez dira ezagutzera ematen»

Hiru kasu hauekin LABek salatu du «erasotzaileen inpunitatea lan munduan nahi genukeena baino maizago» gertatzen dela eta sexu jazarpenaren aurkako protokoloak ez direla martxan jartzen. Protokoloa badutenen kasuan ez dela behar bezala baliatzen salatu du LABek, «salaketa jarri duen emakumearen hitza zalantzan» jartzen delako eta «babesik gabe edo erasotzailearengandik urrundu gabe» mantentzen delako.

Gaurko agerraldiarekin LABek adierazi nahi izan du lan munduan emakumeak egunero aurre egin behar izaten diela diskriminazio eta indarkeria egoerei, «baina ez dira kontatzen, ez dira salatzen, ez dira ezagutzera ematen». Horregatik, sindikatuak babesa adierazi die halako egoerak bizi dituzten emakumeei, «salaketak ipintzen dituzten emakumeak babestu, lagundu eta beraien ondoan izango gaituzte».