naiz

EAEko Auzitegiak Osakidetza kondenatu du «iruzurrezko kontratazioa» egiteagatik

EAEko Auzitegi Nagusiak Osakidetza emakume langile bat berriro lanera onartzera behartu du, aldi baterako kontratazioa «iruzurrezkoa» izan delakoan. Epaia, Auzitegi Gorenak emandako epai batean oinarritzen da, Osakidetza kondenatu zuena ere aldi baterako kontratazioan iruzurra egiteagatik.

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri, eta Osakidetza kondenatu du emakume bati «iruzurrezko kontratazioa» egiteagatik sindikatuak jakinarazi duenez.  Langilea berriro lanera onartzera behartzen du epaiak, eta baita kontratua amaitutzat jo zutenetik iragan diren bi urte baino gehiagotan jaso gabeko soldatak ordaintzera ere.

Epaian, beraz, Osakidetzak aldi baterako kontratazioan egiten dituen gehiegikeriak aitortu dira, eta horretarako, Auzitegi Gorenak pasa den urteko irailean emandako epai batean oinarritzen da. «ELAk aspalditik salatu izan ditu Osakidetzaren aldi baterako kontratazioaren gehiegikeria sistematikoak, sarri-askotan lege-iruzurrean eginak. Eta iruzur horiek beren ondorioak izan behar dituzte».

Sindikatuak salatu duenez, «Osakidetzan behin-behineko eta aldi baterako kontratazioak sistematikoak dira». Zentzu horretan, «maiz kontratazioaren zergatia unean uneko lanak» direla azpimarratu dute, «baina egiatan horrela kontrataturiko langileek ohiko lanak» egiten dituztela. Auzitegi Gorenak iruzurrezkotzat jo zuen praktika hori eta orain, EAEko Auzitegi Nagusiak, gauza berbera egin du.

«Agerikoa da Osakidetzaren apustua lan-prekarietatearen aldekoa dela. Osakidetzak 15.000 langile ditu, aldi baterako kontratuekin; hau da, plantilla osoaren ia %40. Arazoa ez datza legezko mugetan, Osakidetzaren borondate politikoan baizik; behin-behinekotasunaren tasa altua izanik, halako zerbitzuak edozein unetan pribatizatu daitezke aiseago. Hori dela-eta 3.000 lanpostu suntsitu dira», salatu dute.