GARA
BILBO

Datozen egunetan kaleratuak izango dira Naval ontziolako langileak

Langileen ordezkariek, asanbladan adostu bezala, kontratuak azkentzeko espedientea ez sinatzea berretsi dute azken bileran. Enpresako alde guztiak bilduta zeuden bitartean, Bilboko Kale Nagusian mobilizatu ziren langileak, Moyuatik Jesusen Bihotzera bitartean.

Naval ontziolako enpresa batzordea, zuzendaritza eta konkurtso administratzailea atzo bildu ziren Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak deituta.

Kontratuak azkentzeko enplegu-erregulazio espedientearen kontsulten tartea akordiorik gabe amaitu zen, eta ez sinatzea berretsi zuten langileen ordezkariek. Atzo administratzaileak berriro negoziatzea eskatu zuen baina sindikatuek ez zuten onartu, harriduraz hartu baitzuten jarrera, «galderen lehenengo txandan proposamen berririk ez zuela ziurtatu zuelako». «Hemen amaitzen da izapidea», adierazi zuen batzordeko bozeramaile Juanjo Llordenek.

Lan Agintaritzak dokumentua epaileari igorritakoan, honek erabakiko du kaleratzeak bidezkoak diren edo ez, eta ondorioz egun batzuk barru langile guztiak kaleratuak izango dira. Epailearen erabakiaren inguruko helegiterik aurkeztu ezean, erabakia hartzen den momentutik 15 egunera geratuko dira lanposturik gabe Navaleko 177 beharginak.

Helegiteari dagokionez, UGT sindikatuak baztertu egin du; CATek, ordea, behin dokumentua irakurrita erabakiko du eta ez du ezer baztertzen: «Enplegu-erregulazio espedientea epaitegietara eramaten bada, egoera txartu egingo da inbertitzaile posible baten interesa balego, baina oraingoz langileok ez dugu ezagutu inbertsorerik, beraz ez dakigu aurrerantzean egongo den ala ez», argitu zuen Llordenek, CAT sindikatuko kideak.