Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Bizitza bera bezain askotarikoa den diskoa dakar Natali taldeak

Gizakiak bizitzako une txarrez eta onez osatuta gaudela ulertzen dute Natali taldekoek, eta osagai horiek daude «Garena» lehen diskoan. Askotarikoa da gai eta musika estiloari dagokionez, baina bizitzako pasarte desberdinek beraiek ematen diote osotasuna lanari.

Ameriketako Estatu Batuetan bi urte bizitzen egon ostean, kantak konposatzeko gogoarekin itzuli zen Euskal Herrira Natali Izagirre usurbildarra. Txikitatik bere gitarra irakaslea izan den Ixak Arrutirekin elkartu eta urtebetez kantuak sortzen egon ostean, taldea osatzea erabaki zuten.

Olaia Inziartek (teklatua), Gorka Mendizabalek (bateria) eta Andres Insuak (baxua) proiektuarekin bat egin zuten eta Natali taldea sortu zuten, taldekideek sortutako kantei euren ekarpenak eginez.

2018ko udazkenean estudioan sartu ziren, besapean bederatzi kanta zituztela, baina ez zuten edonora jo: Kaki Arkarazoren Garate estudioetan grabatu zuten euren lehen diskoa, “Garena”. «Ezin naiz kexatu –dio Izagirrek–, taldekideek duten ibilbidearekin oso zortekoa sentitzen naiz pila bat ikasten ari naizelako, eta gainera Kaki Arkarazorekin bere estudioan grabatzea pribilegio bat izan da. Berak kantak entzun, eta hobetu egin ditu eta kristoren pozik nago emaitzarekin».

Musikaren konposizioa Ixaken eta bere artean partekatu dute, eta hitzak berriz, guztiak bereak dira. Betidanik gustatu izan zaio bere sentimenduak hitzekin adieraztea, eta AEBetako esperientziaren ostean zaletasun hori areagotu da. «Etxean telesail bat ikusten ari nintzen eta idazkera kreatiboko klaseak agertzen ziren. Nik kuriositatea nuen eta AEBetan au pair joan nintzenean aukera eman zidaten unibertsitatean eskola batzuk hartzeko, bertako jendearekin harremana izan nezan. Ikasgaietako bat zen idazkera kreatiboa eta nik argi nuen hori egingo nuela», kontatzen du. Bertako irakasleari esker ikasi zuen ingelesezko testuak primeran idazten –diskoko bi kanta ingelesez dira–, poesia egiten, errimak sortzen, metaforak erabiltzen... «Nahiz eta eskola ingelesez izan, euskaraz idazteko ere lagundu dit. Irakaslea oso ona zen. Ikasitakoak asko lagundu dit letrak sortzerako garaian», aitortu du.

Musika mugarik gabe

Bost taldekideak oso desberdinak dira, eta gainera bakoitzari askotariko estilo musikalak gustatzen zaizkie. Hori positiboa dela uste du abeslariak, «gehiago ikasteko aukera gehiago» dituztelako. «Elkartu ginenean nahi gabe kantu oso desberdinak atera zitzaizkigun. Konposatzen hasi ginenean ez genuen estilo bat buruan, ez genion musikari mugarik jarri nahi. Kanta bakoitzari dena izaten utzi diogu; country, rock… horrela behar zuen, aurkezpen bezala, gu hori guztia garelako. Denborak esango du zein estilotara gerturatzen garen», azpimarratu du.

“Iparrorratzik gabe” izan zen zabaldu zuten lehen kanta, Ixak eta berak bakarrik grabatutakoa. Diskoa osatzerakoan “Hitzak” izan da lehen singlea, Glaukoma taldeko Juantxo Arakamaren lankidetzarekin. «Ixaki erakutsi nionean nik buruan nuen zati batean rapa sartu behar zela, eta Juantxo izan zen bururatu zitzaidan lehen pertsona baina ez nuen uste posible izango zenik. Ixakek Juantxo ezagutzen zuen eta eskaera egitean baiezkoa eman zion. Berari kanta pasatu genion, nahi zuena egin zezan, eta ez zigun erakutsi nahi izan, grabatzen hasi zen arte». Maitasun/gorrotoari buruzko kanta da hori, baina gaiak musika estiloak bezain askotarikoak dira.

Martxoan kaleratu dute diskoa. Bihar Donostiako Fnac-en eta hilaren 26an Azpeitiko Sanagustin kulturunea aurkeztuko ditu kantu berriak.