Beñat ZALDUA

Pérez de los Cobosen eta Mossoen komisario baten arteko aurrez aurrekoa eskatu dute defentsek

Eskaera Quim Fornen abokatuak egin du, guardia zibilaren eta mossoaren deklarazio kontraesankorrak aurrez aurre konfrontatu ahal izateko. Marchena epaileak arratsaldean erabakiko zutela adierazi du hasiera batean, baina bazkaldu eta gero iritzia aldatu du: erabakia froga guztiak ikusi eta gero hartuko du tribunalak.

Ferran López, eskuinean, eta Josep Lluís Trapero, Espainiako Auzitegi Nazionalean. (J. DANAE/FOKU)
Ferran López, eskuinean, eta Josep Lluís Trapero, Espainiako Auzitegi Nazionalean. (J. DANAE/FOKU)

Epaiketa batean, egia esatera behartuta dauden bi lekukok testigantza kontraesankorra eskeintzen dutenean, bai defentsak eta bai akusazioek bi lekuko horien arteko aurrez aurrekoa eskatzeko eskubidea daukate. Hori gertatu da gaur Auzitegi Gorenean, Kataluniako independentismoaren kontrako epaiketan.

Gaurko lekukoa Ferran López zen, Mossoen komisarioa eta Josep Llúis Traperoren ondokoa 2017 irailean eta urrian –gero, 155arekin Trapero kargugabetu zutenean, Lópezek hartu zuen Mossoen buruzagitza–. Lópezek Mossoen aktuazio guztiak defendatu ditu, Traperok egin zuen bezala, baina urriaren 1eko erreferendumari buruz pauso bat aurrerago joan da eta mossoen operatiboak Diego Pérez de los Cobosen oniritzia zeukala esan du.

Guardia Zibileko koronela izateaz gain –90ko hamarkandan Kepa Urra torturatzeagatik epaitua, gainera–, De los Cobos erreferendumaren kontrako operatibo polizial guztien koordinatzaile izendatu zuen Kataluniako fiskalak 2017ko irailean. Epaiketan deklaratu zuenean, Mossoen operatiboaren diseinua desastre hutsa izan zela esan zuen. Lópezek, ordea, operatibo horrek De los Cobosen oniritzia zuela ziurtatu du gaur.

Hortaz, Xavier Melero abokatuak bi polizia hauen arteko aurrez aurrekoa eskatu du dio gaur goizean tribunalari. Hasiera batean, Marchenak arratsalderako iragarri du erabakia, baina bazkaritik bueltan, buruz burukoaren inguruan erabakia froga guztiak ikusi eta gero hartuko dutela esan du. Alegia, maiatzean edo ekainean.