Jon Ormazabal

Erik Jakak egin du aurrera partida sinesgaitz batean (22-20)

Dena ongi eginez, Lizartzakoa 20-9 aurreratu da, baina Iñaki Artola partida hogeina berdintzeko gai izan da, garaipenak ihes egin dion arren.

Erik Jakak garaipen handia lortu du (Idoia ZABALETA/FOKU)
Erik Jakak garaipen handia lortu du (Idoia ZABALETA/FOKU)

Buruz Burukoa beti izan da txapelketa berezia, eman eta kendu egiten dituen horietakoa eta gaur Tolosan Erik Jakak eta Iñaki Artolak jokatutakoa bezalako partidek ematen diote xarma berezi hori, Manomanistan bakarrik gertatzen dira horrelakoak. Azkenean Erik Jakak eraman du hurrengo kanporaketarako txartela, baina Iñaki Artolak egindakoak ere merezi ditu txaloak, 20-9 galtzen zihoan partida berdintzea lortu baitu, nahiz eta azken txanpan garaipenak ihes egin.

Zoragarri ekin dio partidari lizartzarrak. Dena egin du ondo hasiera horretan, sakea, errematea, pilota baztertu, baina ezker boleaz jotako pilotakadek distira berezia izan dute. Iñaki Artola, bere aldetik, erantzunik aurkitu ezinda aritu da eta hala 19-7 eta 20-9 aurreratu da Aspekoa, partida, ustez, erabakita utzita.

Baina maiz esaten den 22ra arte ez dago ezer eginda hori inoiz baino ageriagoan geratu da gaur Tolosan, pixkanaka-pixkanaka Iñaki Artola askatzen joan eta partidaren gidoia goitik behera aldatu baitu.

Ordura arte ez bezala, sakearekin asmatzen hasi da alegiarra, eskuin sotamanoa ere martxan jarri du eta inork usteko ez zuenean, partida 20ra berdindu du. Ezin izan du, ordea, balentria amaitu, Erik Jakak ezkerrez gozatutako pilota batekin tantoaren ekimena berreskuratu du eta garaipenari euts ahal izan dio, partida gantxo on batekin amaituz.