
Maiatzaren hasierarako zazpi milioi kilo antxoa inguru porturatu dira Bizkai eta Gipuzkoako portuetan eta Eugenio Elduayen Gipuzkoako Kofradien Federakuntzako lehendakariaren esanetan kanpainaren balorazioa ez da hain ona: «Comme ci, comme ça». Kiloa 1,23 euroan saltzen ari da, batez beste, harrapatzen ari diren antxoaren gehiengoa kontserbarako tamaina txikia baita. «Antxoa asko dago, baina hurbil antxoa txiki asko dago eta honekin kuota azkar xahutuko da», kexatu da Elduayen, Getariako Elkano Kofradian eginiko prentsaurrekoan.
Iaz, kanpainaren amaieran 8 milioi kilo antxoa harrapatu zituzten; hau da, orain harrapatu dena baino milioi bat gehiago eta 1,42 euroan saldu zen kiloa. Bittor Oroz, Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen esanetan aurten kopuruari dagokionez zifra altuagoetan mugituko da, izan ere dagoeneko kuota osoaren %60 arrantzatu dutela kalkulatzen dute.
Kuota hain azkar ez xahutzeko, arrantzaleek neurri batzuk hartu behar izan dituzte. Eta horien artean dago ostiral eta astelehenetan itsasora ez ateratzearen planteamendua. Antxoari errentagarritasuna ateratzea ez omen da erraza Elduayenen ustetan, «bapore asko estatistika historikoak mantentzeko lanetan daudenean». Horregatik, hain zuzen, goraipatu egin dute Getariako Antxua Eguna. Duela bederatzi urtetik ospatzen da eta Emeterio Urresti, Elkano Kofradiako presidentearen aburuz, «antxoari eta arrantzaleen lanari balorea eman eta merkatuan merezi duen lekua emateko» beharrezko ikusten du eguna.
8.900 tona berdel
Berdelari dagokionez, 8.900 tona harrapakinekin amaitu dute kanpaina Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantzaleek –hau da, kuotaren %100 arrantzatuta– eta kiloa, batez beste, 1,36 euroan saldu da. Datu horiek eskutan izanda, Orozek nabarmendu du kuotaren jaitsiera prezio garestiagoarekin «konpentsatu dutela». Iaz, 11.000 tona berdel arrantzatu ziren baina batez besteko prezioa ez zen euro batera iritsi (0,97 euro).
Azken asteetan Asturias eta Galiziako arrantzaleekin izandako tira-biren inguruan, Bizkaiko Kofradien Federakuntzako ordezkari Aurelio Bilbaok azaldu du Madrilen erakutsi dutela estatistika historikoen arabera eginiko banaketa «bidezkoa» dela. Hala ere, arrantzaleek berdel asko ikusten dutela gaineratu eta datorren urteetarako kuotaren jaitsierarik ez ematea espero du. Gogoratu behar da, azken bi urteetan %40ko jaitsiera izan duela berdelaren kuotak: «Milioi bat kilo arrantzatzeko baimena izatetik, 600.000ra pasatu da eta ondoren hortik Estatu espainolari dagokion ehunekoa atera behar da, oso murritza dena».

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
