@iraiaoiarzabal

Arnagan irekitako bideari heldu eta konponbidean aurrera egitera deitu dute EH Baik eta EH Bilduk

Kanbon Arnagako adierazpena publiko egin zela urte bat betetzen denean, EH Bildu eta EH Baiko ordezkariek konponbidearen aldeko euren konpromisoa berretsi dute Donostian. Espainiar eta franziar estatuei jarrera eraikitzailea hartzeko eskatu diete.

EH Bai eta EH Bilduko ordezkariak Miramar jauregian. (Jon URBE / FOKU)
EH Bai eta EH Bilduko ordezkariak Miramar jauregian. (Jon URBE / FOKU)

2018ko maiatzaren 3an iragarri zuen ETAk bere desegitea, konponbidearen alde irekitako bidean azken urratsa emanaz. Egun bat geroago Euskal Herriko eta nazioarteko ordezkaria politiko eta sindikalak Kanbon elkartu ziren, Arnagako adierazpenaren bidez ETAren erabakia balioan jarri eta ziklo baten amaiera berresteko. Gaurkoan, EH Bai eta EH Bilduko ordezkariak Donostiako Miramar Jauregian agertu dira euren atxikimendua berretsi eta bidean aurrera egiteko beharra azpimarratzeko.

Anita Lopepek eta Arnaldo Otegik irakurritako agiriak ETAren erabaki historikoak ziklo baten amaieran eta berri baten irekieran izandako garrantzia nabarmendu dute. Eta orain, arduraz jokatzeko momentua dela gaineratu dute. Izan ere, kezkatuta daude espainiar eta frantziar estatuek hartutako jarrera. «Kezkaz ikusten dugu Estatuek termino hauetan erantzun positiboa emateko prestutasuna ote duten. Izan ere pasa den urtean sinatu zen Arnagako adierazpenak agerian utzi baitu Estatuen jokabidea. Alderdi eta eragile politiko batzuekin batera, denbora berriarekiko oztopoak jartzera mugatu direlako».

Zehazki presoen eta memoriaren arloan mantentzen duten blokeoa salatu dute eta konponbide osoa lortzeko bi auzi hauei erantzun argia eman behar zaiela gaineratu dute. «Estatuek ez dute testuinguruak eskatzen duen aldaketa egin, ez diote heldu bakea eraikitzeko duten ardurari. Gotortu dira aitzineko jarreretan, errepresaliatuen senideei zigor eta sufrimendu gehigarriak eragiten segitzea barne», adierazi dute.

Bizikidetza eta memoriari dagokionean, «kontakizunaren inguruko lehian» murgilduta daudela uste dute alderdi abertzaleek. Horren aurrean, arduraz eta errespetuz aritzera deitu dute: «guztion artean memoria eta kontakizun anitzen mosaikoa osatu dezagun». Zentzu horretan, biktima guztie eta sufrimendu guztien aitortza egin dute, baita guztiekiko gertutasuna adierazi ere. «Gure jarduera politikoak bi zeregin garrantzitsu izango ditu: biktima guztien aitortza eta erreparazioa, eta etorkizunean inork berriro bortizkeria politikoagatik inolako samina eta kalterik sufritu ez dezan lan egitea. Aldi berean giza eskubide guztiekiko gure babes eta konpromiso osoa berresten dugu», aipatu dute.

Arnagan jasotako hitzak berreskuratuz, nazioarteko komunitatearen babes zabalarekin egindako adierazpenak konponbide oso, justu eta iraunkor baten alde egin zuela gogorarazi dute. Hargatik, gotorlekuetatik atera eta testuinguru berriak eskatzen duen aldaketan sakontzera deitu dituzte estatuak.