naiz
Gasteiz

Gasteizko txosnagunearen programazio osoa aurkeztu dute

2019ko Gasteizko Txosnen programazioa, egunez egun, eta kartela aurkeztu dituzte gaur arabar hiriburuan. Txosnagunea abuztuaren 2tik 9ra irekita egongo da eta bertatik pasako dira Su ta Gar, Skabidean & The Black Birds, Zea Mays, The Baboon Show edo Kaleko Urdangak bezalako taldeak, besteak beste.

Gasteizko txosnen egitaraua aurkeztu dute.
Gasteizko txosnen egitaraua aurkeztu dute.

«Jai herrikoi eta parekide batzuen alde», 2019ko Gasteizko Txosnen programazioa eta kartela aurkeztu dituzte gaur arabar hiriburuan. «Garrantzitsua iruditzen zaigu txosna eremua eraikitzeko eta bizitza emateko lanean jardun eta jardungo duten pertsona eta kolektibo orori eskerrak ematea, hau guztia posible egiten duzuelako», adierazi dute antolatzaileek.

Era berean, txosnagunean «ez dela inolako eraso sexista, homófobo, xenofobo edo arrazistarik onartuko» azpimarratu dute. Hori esanda, jarraian, programazio zehatza zein izango den botako dizuegu

Jaiak abuztuaren 4an hasiko diren arren, txosnagunea abuztuaren 2tik 9ra egongo da irekita. Azkenengo egunotan, izango dituzten emanaldien berri eman dute, baina gaur egunez-egun izango duten programazioa aurkeztu dute.

Irekiera ekitaldia abuztuaren 2an izango da. 21:30ean eginen dute inaugurazioa eta haren atzetik iritsiko dira lehen akordeak Aldakan Beltz, Eratu, Su ta Gar eta Dj Perez Troika Sobiet. Hilaren 3an, goizetik egonen da zer egin. Txikientzako Irrien Lagunak arituko dira eta eguerdian bertso saioa, herri kirolak eta indarrak berreskuratzeko herri bazkaria antolatuko dute. Arratsaldean umeentzako jolasak, jinkana edo magia ikuskizuna programatu dituzte, gauerako Garilak 26 eta DJ Malandroren musika utziz.

Jaien hasiera ofizialaren egunean, Tara, Trikoma, Skabidean & The Black Birds eta Aiaraldeko Sound Systemen esku egonen da eszenatokia. Abuztuaren 5ean berriz, herri bazkaria eginen dute eta gauean, 21:30ean, elkartasun ekitaldia antolatu dute. Kontzertuak, berriz, Dupla, Zea Mays eta DJ Elepuntoren kontu.

Abuztuaren 6a izanen da egun feminista. Eguerdiko «marianitada» baten bitartez ekingo diote jardunaldiari, bazkari feminista eta tailer batzuekin jarraipena emateko. Gauean, Nerabe, Tribade, The Baboon Show eta DJ Komando Klitorix. Tartean ekitaldi berezi bat ere eginen dute.

Gazte eguna, berriz, hilaren 7an antolatuko dute, bazkari eta ekitaldi berezi batekin. Anita Parker, Esne Beltza eta DJ Gimlee izanen dira gunea girotzearen arduradunak. Biharamunean, ikasle eguna izanen da. Ikasle bazkaria eta bertso saioa programatu dituzte. Eszenatokian, punk-oi musika nagusi Nafarroa 1512, Kop eta Kaleko Urdangaken eskutik. Gaua amaitzeko, Elkarr kolektiboa.

Jaiei amaiera abuztuaren 9an emanen diete eta Gorpuzkingz, Mafalda eta DJ Irregularrek edukiko dute ardura hori.